Yessaï Karapetian piano-jotzailea, Gasteizko 45. Jazzaldiaren lehen baieztapena

Erredakzioa 2022ko urt. 21a, 13:00
Yessaï Karapetian piano-jotzaile eta konpositore armeniarra. / Argazkia: Y.K.

Gasteizko Jazzaldiak bere 45. edizioa ospatuko du aurten, uztailean, eta oholtza gainean arituko diren artisten lehen baieztapena iragarri du: Yessaï Karapetian piano-jotzaile eta konpositore armeniarra.

Armeniatik dator Gasteizko Jazzaldiaren aurtengo lehen baieztapena: Yessaï Karapetian pianista eta konpositorea izango da 45. edizioaren kartelean, LetterOne Rising Stars Jazz Award sari ospetsuaren azken edizioa irabazi ondoren.

Izan ere, nazioarteko sari horren epaimahaiko kide dira Gasteizko jaialdiaren antolatzaileak; Europa zein Ipar-Amerikako musika talentua aintzatetsi, eta parte hartzen duten musikariei nazioarteko agertoki handietara igotzeko aukera eskaintzen die sariak. Kasu honetan, Gasteizko Jazzaldian joko du Karapetianek, Europako jazz jaialdi ezagunenetatik egingo duen bira baten barruan, eta iazko edizioan Kathrine Windfeld eta Itamar Borochov irabazleek egin zuten bezala.

Gasteizko Jazz Jaialdiaren antolatzaileak 45. edizioaren diseinuan lan egiten ari dira, eta laster data eta kartelaren inguruan xehetasun gehiago emango dituzte.

Ibilbide oparoa

30 urte baino gutxiagorekin, ibilbide oparoa duen piano-jotzailea, konpositorea eta ekoizlea da Yessaï Karapetian (Yerevan, Armenia, 1993). Parisko Goi Mailako Kontserbatorioan graduatu ondoren, Berkleen bere ikasketak amaitzeko beka bat lortu zuen, eta laster goraipamenak irisi zitzaizkion. Hala, 2020an bi sari irabazi zituen DownBeat Student Music Awards ekitaldian: jazz bakarlari onenaren eta jatorrizko konposizio onenaren sariak.

Gaur egun Frantzian bizi den arren, Karapetianek ez die Armeniako sustraiei uko egiten, eta bere musikaren bidez, bere herrialdeko folkaren, french touch-aren elektronikaren eta jazz inprobisazioaren arteko zubiak eraikitzea lortzen du, publikoa epel uzten ez duen proposamen batean.

2021ean Parisen zuzenean grabatutako Yessaï disko berria aste honetan jarriko dute salgai. Jatorrizko bederatzi konposizio biltzen ditu diskoak, Parisko Kontserbatorioko kide ohiek osatutako banda batekin grabatuta. Uda honetan, Gasteizen ere gozatu ahal izango da zuzenean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide