Uztailaren 12tik 17ra bitartean ospatuko den jazz festara begira, gaztetasun, teknika eta inprobisazio dosiekin, Antzokiko Jazz zikloaren programazioa osatzen amaitu du Gasteizko Jazz Jaialdiaren 45. edizioak. Aurrez iragarritako Yessaï Karapetian piano-jotzaile armeniarrari —uztailak 13— eta James Brandon Lewis saxofonistari —uztailak 15— hiru iragarpen gehiago batu zaizkie Principal Antzokian izango diren arratsaldeko kontzertuetarako.
Euskadiko talentuen harrobia
Inaugurazio emanaldia uztailaren 12an izango da, asteartean, Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestraren (EIJO) eskutik. Euskadin sortzen ari diren talentu berrien adierazgarri den orkestra hau 12 eta 19 urte bitarteko 30 bat gaztek osatzen dute. Hezkuntza Sailak 2015etik bultzatutako proiektua da, eta jazzaren eta euskal folklorearen etorkizuna irudikatzen du. Aurtengo proposamenari dagokionez, talde gazteak Big Band eta bertako musika tresnen errepertorioa aurkeztuko du, hala nola alboka, txistua, txalaparta eta trikitixa, Iñaki Askunze, Sergi Verges eta Carlos Sagik osatutako errepertorioaren bidez.
Poloniatik New Yorkera
Bestalde, hilaren 14an, ostegunean, Cold war filmeko soinu-bandan parte hartzeagatik nazioartean ospetsua den Marcin Masecki pianista poloniarra igoko da Principaleko agertokira. Varsovian jaioa, Kolonbian hazi zen musika klasikoz inguratuta, eta Kalifornian, ume bat zela, jazza deskubritu zuen. Ondoren, musika klasikoa eta jazz inprobisatua ikasi ditu. Gasteizko kontzertuan, Jerzy Rogiewicz bateria jotzailea izango du lagun. 2018an Ragtime albuma argitaratu zuten elkarrekin; lan sakon, dibertigarri, original eta bizigarria.
Azkenik, ostiralean, uztailaren 16an, Kassa Overall berritzaileak amaiera emango dio Antzokiko Jazz sailari. Abeslaria, produktorea, bateria-jotzailea... New Yorkeko eszenan lekua berehala lortu duen musikari honek abangoardiako inprobisazioa eta hip-hoparen eta jazzaren fusioa ditu ardatz. Bere zuzenekoak harrigarriak dira, sormen eta berrikuntza ariketa bat. Gasteizko Jazzaldiari esker, lehen aldiz ikusi ahal izango dugu Atlantikoaren alde honetan.