Arturo Sandoval ere batu da Gasteizko Jazzaldira

Erredakzioa 2022ko api. 7a, 13:30
Uztailaren 15ean izango da Gasteizen Arturo Sandoval. / A. Sandoval

Tronpeta-jotzaile kubatarrarekin batera, Xavi Torres eta Giulia Valle ere iragarri ditu jaialdiak.

Gutxinaka-gutxinaka Gasteizko Jazzaldia aurtengo kartela betetzen ari da. Arturo Sandoval tronpeta jotzaile kubatarra izan da batzen azkena. Gainera, Xavi Torres pianista gaztea eta Giulia Valle kontrabaxu jotzailea ere izango dira uztailaren 12tik 17ra ospatuko den jaialdian.

Arturo Sandoval tronpeta-jotzaileak ibilbide oparoa izan du, hamar Grammy tartean, beste hainbat aintzatespenekin. Irakere sortu zuen, Kubako jazz-talderik garrantzitsuena, Paquito D 'Rivera saxofoi-jotzailearekin eta Chucho Valdes piano-jotzailearekin batera. Ondoren, bakarkako ibilbidearekin jarraitu zuen, Kubatik ihes egin zuelako Miamin bizitzeko. Hainbat musikarirekin kolaboratu du grabazioetan, besteak beste, Gillespie miretsiarekin, Rod Stewart edo Alicia Keysekin, edota Stan Getzekin eta Woody Hermanekin. Zenbait soinu-bandatan ere parte hartu du; Andy Garcia protagonista duen For love or country pelikularen konposizioagatik Emmy bat jaso zuen.

Sandovalek uztailaren 15ean Mendizorrotzean emango duen kontzertuaren aurretik, Europako jazz-panoraman proiekzio handiena duen musikarietako bat izango da: Xavi Torres. Kataluniako piano-jotzaileak ibilbide oparoa du Amsterdamen, eta Europako musikariekin kolaboratzeaz gain, klasikoko ikasketak eta jazz masterra egin zituen. Lau disko grabatu ditu bere hirukotearen buru gisa eta beste musikari batzuen hogeita hamar proiektu baino gehiagotan parte hartu du. Martin Leiton kontrabaxu-jotzailea eta Andreu Pitarch bateria jotzailea Xavi Torresekin batera arituko dira.

Giulia Valle konpositore, kontrabaxu-jotzaile eta orkestra-zuzendariak ere bat egin du jaialdiko kartelarekin, aste honetan bertan jazz latinoko disko onenaren Grammy saria irabazi duen Eliane Eliasekin batera. Bartzelonan, Parisen eta New Yorken hezia, John Mc Neil, Guillermo Klein, Mayte Martin, Bill McHenry, Jason Lindner eta Antonio Canales musikariekin kolaboratu du, besteak beste. Bartzelonako Liceuko Goi Kontserbatorioan irakasten aritzeaz gain, jazzeko hainbat talde ere baditu. Gasteizen Giulia Valle Ensemble proiektua aurkeztuko du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide