Kase.O izango da Gasteizko Jazzaldian, uztailaren 17an

Erredakzioa 2022ko mai. 5a, 18:30
Kase.O rap abeslari zaragozarraren 'Jazz Magnetism' proiektua. / Argazkia: KASEOREAL.com

Zaragozako Kase.O-ren jazz rapak amaiera emango dio Gasteizko Jazz Jaialdiaren 45. edizioari, uztailaren 17an Mendizorrotzeko kiroldegian. Programazioa itxita, maiatzaren 11tik aurrera sarrerak eta abonuak salgai jarriko dituzte.

Uztailaren 12tik 17ra bitartean ospatuko da Gasteizko Jazz Jaialdiaren 45. edizioa. 67 egun baino ez dira falta hasteko, eta antolatzaileek azken iragarpen batekin itxi dute programazioa, aurtengo edizioari amaiera zoragarria emateko: Kase.O, Jazz Magnetism (2011) album enblematikoaren hamargarren urteurreneko biraren barruan.

Zaragozako MCa rap musikaren artista garrantzitsuenetako bat da, eta 2011. urtean jazzarekin eta hainbat jazz musikarirekin bat egin zuen disko horrekin. Javier Ibarrak (Kase.O-ren benetako izena) benetako fenomeno musikala eragin zuen, eszena astinduz eta rap musikarien artean beste estiloekin esperimentatzeari ateak irekiz.

2021ean, proiektuaren hamargarren urtemuga ospatzeko, berriz ere bildu ziren Kase.O, Dani Comas, Dani Dominguez, Hugo Astudillo (Escandaloso Xposito), Juan Pablo Balcazar eta Juan Berbin. Bira Mendizorrotzako kiroldegira iritsiko da uztailaren 17an, soinu eta erritmo berriak gehitzeko Jazz Jaialdiak egindako apustu gisa.

Espainiako Estatuko hip hop kulturaren mito bat da Kase.O, gaztelaniazko rapero historikoetako bat. 90. hamarkadan ekin zion bere ibilbideari, Violadores del Verso kolektiboko kide gisa. Ondoren, bakarkako ibilbidearekin jarraitu zuen, baita jazz talde batekin klub txikietan egindako jam session-ekin ere; hain zuzen, publikoaren erantzuna ikusita sortu zuen Jazz Magnetism lana.

 

Sarrerak eta abonamenduak

Azken baieztapen honekin programazioa itxita, maiatzaren 11tik aurrera (asteazkena) kontzertuetarako sarrerak eta abonamenduak salgai jarriko dituzte www.jazzvitoria.com webgunean: eguneko tiketen kasuan, prezioa 15 eta 40 euro artekoa izango da; abonamenduek, berriz, 55 eta 150 euro arteko prezioa izango dute, abonuetarako. Nolanahi ere, jarraitzaile gazteenek deskontu bereziak izango dituzte.

Programazioa osorik

Gasteizko Jazz Jaialdiak datozen asteetan argitzeko hainbat sorpresa dituen arren, Espainiako Estatuko rap musikaren mitoak aurtengo programazioa itxi du, aurrez iragarritako musikariei batuz. Honela gelditu da Gasteizko Jazzaldiaren programazioa, Principal Antzokian eta Mendizorrotzeko kiroldegian banatutako hamalau emanaldirekin:

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide