Berriz plazak hartzera dator aurtengo Jazzaldia

Erredakzioa 2022ko api. 1a, 10:54
Javier Navarrete da aurtengo kartelaren egilea. / Jazzaldia

Jazzaleak protagonista diren kartela sinatu du Javier Navarrete ilustratzaileak.

Musikariek eta zaleek kalean jazza berreskuratzeagatik duten poza islatu du aurtengo Gasteizko Jazzaldiaren 45. edizioko kartelak. Javier Navarrete ilustratzaile madrildarrak eszena adierazgarri bat irudikatu du Alde Zaharreko txoko ezagunenetako batean, "Jazzaldia musikarien leialtasunari, hiriak beti eman dion babesari eta, bereziki, publikoaren fideltasunari egin nahi dion omenaldia".

Hainbat herritar jazz talde baten musikaz gozatzen ari dira Aldapa hasieran, Arkupeen ondoan. "Asko dokumentatu naiz. Txoko hau bereziki gustatzen zait eta eszena hau gerta daitekeen leku aproposa iruditzen zait", esan du diseinatzaileak. "Orain gogo handia dut Gasteiz bisitatzeko Jazzaldiko giroa biziz".

Aurten Jazzaldiaren itzulera da, kaleetara, hirira, Mendizorrotzara, eta horixe islatu nahi izan dute kartel honekin, Iñigo Zarate lehiaketako presidenteak azaldu moduan. "Uztail honetan ikusi nahiko genukeen eszena da: hiria jaialdiaren erritmoan dantzan. Gozatzen. Izan ere, jaialdia hiriarentzat egina dago, eta mundu guztiak musikaz eta dibertimenduaz gozatzea nahi dugu, mundu guztiak musikarekiko eta, batez ere, jazzarekiko alaitasuna gurekin partekatzea. Hori da guretzat kartel hau".

Javier Navarrete Arte Ederretan lizentziatu zen, eta 2019an kaleratu zuen bere marka ilustratzaile gisa, hainbat konpainiatan web-diseinatzaile gisa hainbat urtez esperientzia izan ondoren. Bere sormen-prozesua formatu analogikoan hasten da. "Lehenengo, zirriborro bat egin nuen arkatzez", eta, gero, eremu digitalera eraman zuen. Madrilgo Udala, Netflix edo Inditex bezalako bezeroentzat lan egiteaz gain, hainbat proiektu pertsonal ditu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide