Euskal Herriko Unibertsitatean doktoretza tesia egin eta gero, hainbat urte Oxfordeko (Erresuma Batua) unibertsitatean eman ditu ikertzen Teresa Fernandez Crespo (San Vicente de la Sonsierra, Errioxa, 1983) arkeologoak. Gaur egun, Valladolideko Unibertsitatean itzal handiko ikertzaile gisa kontratatu dute, talentua erakartzeko beka bati esker. Arabatik urrun egon arren, Arabako Errioxako aztarnategietan egindako ikerketei lotuta jarraitzen du, eta laster sorpresa berriak egongo direla aurreratu du.
Isotopo egonkorren analisirako laborategi bat inauguratu duzu unibertsitatean. Zer dira horiek?
Funtsean, isotopoak elementu bereko atomoak dira, baina masa desberdina daukatenak. Eta gure gorputzaren ehunak osatzen dituzten oinarrizko unitateak dira. Ehun diren heinean, gure hezur eta hortzetan ere badaude horiek. Normalean, jan ditugun elikagaietatik datoz oinarrizko unitate hauek. Kontua da isotopoen analisiari esker elikagai hauen jarraipena egin daitekeela. Zer jaten dugun, norekin jaten dugun, elikagaiak nondik datozen... Hau guztia oso lotuta dago gure identitatearekin. Gaur egun ere, elikadura, janaria partekatzen dugunekin osatzen dugun zirkulu sozioekonomikoa eta jaiotza zein bizitegi lekuak gure identitate soziokulturalaren oinarrian daude. Ikerketa molekular hauen bitartez, funtsean, saiatzen naiz pertsonen identitatea berreraikitzen.
Isotopo egonkorrak izan ala ez, suposatzen dut horrek ere pistak emango dituela...
Bai. Karbono, nitrogeno eta sufre isotopoak ikertzen ditugu bereziki. Horiek hezurretako kolagenoan edo hortzetako dentinan egon daitezke. Bestetik, estrontzio, karbono eta oxigenoa ikertu ohi ditugu hortzetako esmaltean. Isotopo hauek joera dute sedimentuz kutsatzeko, inorganikoa delako. Hortzetako esmaltea oso kristalizatuta dagoen ehuna da, eta ez du ahalbidetzen kutsatzea. Hezurrak, berriz, errazago kutsatu daitezke. Bestetik, isotopo ezegonkorrak daude. Ezagunena karbono 14a da, datazioetan asko erabiltzen dena. Denboran zehar narriatuz doa, eta narriadura horren zenbatekoa kalkulatuz ondorioztatu dezakegu animaliaren edo gizakiaren heriotzaren data. Egonkorrak diren isotopoak, ordea, mantentzen dira gorputzean sartu zirenean zeuden modu berean.
Karbono 14rako, erreferentziazko taula batzuk daude arkeologoen artean. Isotopo hauen kasuan, ba al dago halakorik, ala diziplina honen hastapenetan baino ez gaude?
Isotopo horiek oso kopuru txikietan daude gure gorputzean. Badira erreferentziazko balore batzuk adierazten dutenak norbanako hori baso asko zituen paisaia batean ala garbiagoetan zirenetan bizi izan ote zen, ea lur edo itsas elikagaiak izan ote diren. Ez dira, ordea, balio itxiak. Ekosistemaren arabera aldagarriak izan daitezke. Horregatik beharrezkoa da tokian tokiko geografia ezagutzea, seinale isotopikoaren oinarri bat izateko eta horren arabera koherenteak diren interpretazioak egin ahal izateko. Zientzian asko hitz egiten da diziplina arteko lanaz.
Suposatzen dut honetan are beharrezkoagoa izango dela ohiko arkeologiarekin alderatzea...
Noski. Hau biogeokimika da. Aintzat hartu behar dugu bai norbanakoaren biologia zein inguruko geografia eta geologia ere. Baita kontsumitzen ari diren elikagaien oinarri isotopikoa ere, kate trofikoan gorago edo beherago dagoen jakiteko. Diziplina arteko lana gurean ezinbestekoa da, bai.
Frantzian Neolito Aroan izandako indarkeria zantzu asko zituen aztarnategi baten gaineko ikerketa kaleratu berri duzu. Zertan datza?
Kasu honetan duela 4300-4100 urte ingurukoak diren bi aztarnategi aztertu ditugu: Achenheim eta Bergheim, Alsazian. Zirkulu itxurako bi hobi aurkitu ziren, seguruenera herrien gune zentral batean kokatuta egon zirenak. Bertara bota zituzten bai indarkeria maila izugarri handiz eraildako pertsonak —horietako baten kasuan kaskezurra guztiz txikituta zegoen—, eta baita moztutako ezkerreko besoak ere. Beso horiek ez ziren hobira botatako inorenak. Agertoki hau, noski, ez dator bat gertuko historiaurrean ikusi ohi ditugunekin. Berez 2012 eta 2016 urteetan aurkitu baziren ere, 2019-2020 inguruan hasi ginen ikertzen. Jakin nahi izan dugu zeintzuk ziren biktima hauek, eta, tartean, hezurretako eta hortzetako isotopoak ikertu ditugu. Modu berean, erreferentziazko beste populazio batekin alderatu ditugu. Horrez gain, hau guztia testuinguru egoki batean jarri ahal izateko, lurraldearen oinarri isotopiko bat egin dugu, oraingo landareak edota antzinako animaliak ikertuz. Funtsean ikusi dugu hobietan zeudenek mugikortasun handia izan zutela, gehiago aldatzen zutela elikadura eta estres fisiologikoarekiko esposizio handiagoa zutela, bai goseteengatik zein gaitz infekziosoengatik. Eta hau guztiz bateragarria da bizimodu migratzaile batekin edo kanpokoak diren pertsonekin. Bestetik, aurkitu dugu seinale isotopikoak desberdinak zirela hilobiratutako pertsonen eta beso horien artean. Hortaz, ondorioztatu dugu bereizketa hori jatorri geografikoarekin erlazionatuta egon zela. Baliteke besoak ipar Alsaziakoak izatea eta besteak hegoaldekoak. Gainera, badakigu hortik heldu zirela tradizio kultural berriak, egungo Paris ingurutik. Kasu honetan biktimak izan arren, seguruenera horiek izan ziren azkenean konkista gerra horretako garaileak.
Erresuma Batuan antzeko kasua aztertu duzue…
Bai. Lehen Brontze Aroko Charterhouse Warren aztarnategia da. 37 lagunen arrastoak aurkitu genituen. Kasu honetan gizonezkoak, emakumezkoak eta haurrak ere, erailda, eta beren gorputzak prozesatuak izan ziren. Buruan kolpe hilgarriak zituzten, larrutuak eta desartikulatuak izan ziren, eta batez ere falange eta saihetsetan giza koskadak izan ahal zirenak zituzten. Erailketa guztiz basatia izan zen; gutxitan aurkitu izan dira horrenbeste gizaki horrela tratatuak, hain lekuz kanpoko ankerkeria eta indarkeriarekin. Jakin badakigu kasu honetan bertakoak zirela. Hurbil bizi ziren komunitateak izango zirela badakigu analisi isotopikoagatik, eta beren arteko liskarrak egongo ziren seguruenera, baina ez dakigu arrazoia. Alsaziakoen kasuan seguruenera garaipenaren jaiak izango ziren, erromatarrek egiten zituzten ospakizunen antzekoak. Historiaurrearen kasuan, ebidentzia material odoltsuak baino ez ditugu, baina erromatarren garaian idazkiak, arkuak eta bestelako elementu artistikoak ere baditugu. Horietan, jai giroaren berri izaten dugu, bai, baina jakin badakigu ere askotan gatibuak akabatzen zituztela. Arerioaren deshumanizazio handi baten aurrean gaude.

Guardiako San Juan Ante Portam Latinam aztarnategian informazio berri asko eman duzue…
Aztarnategi liluragarria da hori. Aurreko ikerketa batzuek indarkeria zantzuak aurkitu zituzten, baina gure ikerketan kolpe perimortem — heriotzaren inguruan egindakoak— andana aurkitu genuen kaskezurretan. Kolpe gehienak gizonezkoen aurkakoak ziren, eta horregatik historiako gerra ebidentzia zaharrenetakoa zela proposatu genuen: denboran luzatzen den liskarra, eskala handian eta modu antolatuan, eta batez ere gizonezko gazte eta helduak hartzen zituena. Guztietan indarkeria zantzuak ez dira aurkitu, zauri guztiak ez direlako islatzen hezurretan. Baina, esan bezala, hitz larritan gerra deitu dezakegun jarduera batekin bateragarria da bertan ikusi duguna. Gainera, seguruenera eskualde mailakoa izango zen, Longar [Viana, Nafarroa] edo Las Yurdinas [Urizaharra] bezalako aztarnategietan gezien aztarnak ageri direlako.
Neolitoan Kantabria mendilerroan eta haranean bizi ziren populazioen arteko desberdintasunak ere ikertu zenituen duela hainbat urte. Kontaguzu hori, arren.
San Juan Ante Portam Latinamen gertatzen ari zena interpretatzeko markoan erabili genuen ere ikerketa hori. Alderatu genituen mendilerroko aterpeetan eta haraneko monumentuetan senideak hilobiratzen zituzten komunitateen bizimoduak, eta identitateak ikertu genituen. Adibidez, mendilerroan bizi zirenek mugikortasun gehiago zeukaten, eta landare gutxiago kontsumitzen zituzten haranekoekin alderatuz. Haranekoek seguruenera lurraren gaineko zenbait eskubide zituzten; hau batez ere gizonezkoen artean ikusten zen, trikuharriaren eremutik apenas mugitzen zirelako. Horregatik ondorioztatu dugu kultur alteritatea zegoela: mendilerro ingurukoak agian gehiago dedikatzen ziren artzaintzara eta merkataritzara, eta haranekoak seguruenera nekazariak ziren, lurralde mugatuagoa edukiz. Eta baliteke alde horien arteko desberdintasun edo tentsioak sortu izana, eta agian horrek zerikusia izan dezake aztarnategietan ikusten ari garen indarkeria honekin guztiarekin.
Zer polita den ikusten duzunean puzzlearen piezak bat datozela, ezta?
Bai, adituen artean asko hitz egin dugun kontua da. Datu asko izatean arkeologiaren puzzle hau osatzeko pieza gehiago izaten ditugu, zenbat pieza ditugun eta puzzlearen mugak non dauden ez dakigun arren. Baina batzuetan ez dakigu non sartu pieza bat, eta hori frustragarria da. Baina, tira, Arabako Errioxa da nire ikerketa gune nagusia, eta, gero eta informazio gehiago eskuratu, orduan eta hobeto dator bat guztia.
La Hoyan gertatu zena misterio handienetakoa da. Aukera egongo litzateke horretan gehiago sakontzeko?
Hor ere ikerketa zabala egin dugu. Besteak beste, ikerketa antropologikoa —mutilazioak edota ebakitako buru bat dirudiena aztertuz—. Nahiko argi dago herriari egindako eraso bat izan zela; sarraski bat. Litekeena da kaleetan hil ziren lagun horiek guztiak bertako populazioetako kideak izatea, baina ez dakigu zeintzuk izan ziren erasotzaileak. Jakin badakigu La Hoya erromatarren aurreko garaiko tribuen nodo antzeko batean dagoela, eta seguruenera, anbizioen helburu zen lurralde bat izan zela hori. Agian kendu nahi izan zuten herri horretan zegoen boterea, erasotzaile horiek eskualdean erraztasun gehiagorekin mugitu ahal izateko. Baina dagoen arazoa da zaila izango dela erasotzaileen arrastoa aurkitzea. Baliteke erasotzaileren bat erasoan hil izana, baina hori jakiteko indusketa gehiago egin beharko genituzke, eta norbanako guztien analisia egin, seinale isotopiko desberdina duen pertsona baten arrastoa topatu arte. Adibidez, Kantabria mendilerroaren beste aldean topatu daitekeen seinale isotopikoa desberdina da. Batez ere aldea dago estrontzio eta oxigeno mailetan, garaiera desberdina izateagatik eta mendian estratu desberdinak daudelako. Geologia eta litologiagatik seinale isotopiko horiek beste batzuk dira. Horrela, horiek analizatuz gero, jakin ahalko genuke zeintzuk izan ziren erasotzaileak.
Arabako Errioxaz beste proiekturen bat eskutan al duzu?
Uneotan Burdin Aroan etxeen beheko aldean ehortzi zituzten haurtxoen gainean Javier Salcines egiten ari den doktoretza tesi bat zuzentzen ari naiz. Logeletan edo teilatu hegaletan hilobiratzen dira jaio eta gutxira hil ziren haurtxoak. La Hoya, Atxa eta Guardiako Gaineko laginak dira. Batez ere Paquita Saenz de Urturik Guardian egin dituen indusketetan 25 haurtxo agertu dira. Baina orotara 400 baino gehiago hartu ditugu kontuan. Penintsula osoan etxeen lurzoruan hilobiratze perinatal gehien dituzten aztarnategiak dira Atxa eta Guardiakoa. Ikerketa osteologikoa egin dugu, isotopoak aztertzen ari gara eta DNA ere ikertuko dugu, Iñigo Olalde genetistaren laguntzarekin.
Ama, 400 lagin! Estatistika ona egiteko adina!
Bai, eta isotopoen eta DNAren kasuan ere 160 bat norbanakoren laginak lortu ditugu, eta hori kopuru itzela da arkeologian. Burdin Aroan batez ere lurperatu beharrean errausketak egiten zirenez, haurtxo hauek dira izan dezakegun erreferentzia bakarrenetakoa. Laginketa udan egin berri dugu, eta, hortaz, ikerketa oraindik egiteko dago, baina ezusteko ederrak emango dizkigulakoan nago.
Denbora eta dirua izanez gero, zein proiektu aukeratuko zenituzke?
La Hoyarena da gehien gustuko izan dudana, baina guztia egiteko denborarik ez dudanez, tesi hau zuzentzea izan da horretan murgilduta jarraitu ahal izateko erabili dudan modua. SJAPLrekin batera, parekorik ez duen aztarnategia da. Luxu bat da horiek Arabako Errioxan izatea, eta luxu handiagoa nik horiek ikertu ahal izatea. Hortaz, oso pozik egiten ari naizenarekin.
Zerk eraman zintuen arkeologiara?
Gurasoek Madrilen lan egiten zuen historialari adiskide bat zuten, eta behin ahizpari eta niri liburu bana ekarri zigun. Nirea Los secretos del Vesubio zen. Liburua ireki National Geographic-ek diruz lagundutako Sara C. Bisel ikertzailearena. Denborarekin, isotopo egonkorren lehen ikertzaileetako bat bihurtu zen, ondoren ikusi nuenez. Bada, nik liburu hura irakurri eta pentsatu nuen: "Hau zoragarria da; nik hau egin nahi dut". Zortzi bat urte izango nituen. Gainera, garai horretan mediku izateko ideia ere burutik pasatzen zitzaidanez, pentsatu nuen ideala zela. Egia da heriotzaren inguruko ikerketak egiten ditudala, baina, finean, pertsona horien bizitza eta identitatea berreskuratu nahi ditut.