Duela 5.000 urte inguru, Gizako piramideak eraiki baino seiehun bat urte lehenago, egungo Arabako Errioxan gerrate bat gertatu zela esateko adina argudio dituztela uste du zientzialari talde batek. Izan ere, orain arte dokumentatuta zeudenak baino indarkeria zantzu askoz gehiago aurkitu ditu Guardiako San Juan ante Portam Latinam aztarnategiko giza arrastoen azterketa berri batek.
Bertan ehortzitako 338 inguru lagunen hezurren analisi berria egin ondoren, eskuratutako emaitzen berri eman dute gaur arkeologoek Nature taldeko Scientific Reports aldizkarian. Azterketa berriak orain arte dokumentatuta ez zeuden 77 zauri berri azaleratu ditu. Hezur horien guztien anabasa ikertzea suposatzen duen erronkaren mugak aitortuta ere, orotara egileek zenbatetsi dute aztarnategian lurperatuak izan ziren lagunen %26 inguru indarrez hil zirela; ohartarazi dutenez, kopuru horretatik kanpo utzi dituzte agian indarrez hilda ere hezurretan zaurien aztarnak ez dituztenak. Datuak eskura, ikertzaileek uste dute zauri horietako asko hainbat hilabetez edo zenbait urtez izandako bortizkeria aldi baten ondorio izan zirela, Teresa Fernandez-Crespo eta Javier Ordoño arkeologoek ALEAri azaldu diotenez.
"Orotara 154 zauri aurkitu ditugu", adierazi du Fernandez-Crespok. "Horietako 65 orbaindu gabekoak ziren, heriotzaren unean gertatutakoak. Beste 89 orbainduta zeuden. Horrek esan nahi du zauriak hil baino zenbait hilabete edo urte lehenago gertatu zirela. Nabarmenena da aurkitu ditugun zauri berri gehienak orbaindu gabekoak zirela. Hau da, kolpe edo gezia jaso izanaren ondorioz aztarnategian utzi zituzten lagun horiek".
Dena dela, aurretik egindako ikerketetan ere sumatzen zuten zaurien kopuruak handiagoa izan behar zuela, aztarnategian 52 gezi punta aurkitu zituztelako. "Kasu gehienetan, ikusi zen zerbaiten aurka jo zutela gezi horiek. Seguruenera, gorputzen aurka. Hala, logikoena da pentsatzea gorpuen barruan geratuko zirela, eta, behin gorpu horiek usteldu zirenean, geziak aske geratuko zirela", argitu du Ordoñok.
"BORROKETARAKO GIZONEZKOAK FALTAN ZIRELA USTE DUGU; BELAUNALDI BERRIEN ERRELEBOA EZINBESTEKOA EGIN ZITZAIEN". TERESA FERNANDEZ-CRESPO
Zauriak jaso zituzten lagunen generoa eta adina zehazten ahalegindu dira, eta hori ere oinarrizko pista izan da bortizkeria garai luzea gertatu zela ondorioztatzeko. Ikusi dutenez, zauri gehienak —batez ere orbaindu gabekoak— gizonezkoek jaso zituzten. Horrez gain, nerabezaroan zeuden gizonezko kopuru altua aurkitu dute Neolito Aroko Europako beste kasuekin alderatuta. "Normalean Europako aztarnategietan sarraskien zantzuek adin eta genero kategoria orori eragiten diete", argitu du Fernandez-Crespok. "Horrek pentsarazten digu Guardiakoa ez zela izan sarraski indiskriminatu bat. Jakin badakigu gizarte gehienetan gizonezkoak direla indarkeriaz baliatzen direnak eta normalean gatazka armatuetan parte hartzen dutenak. Horregatik uste dugu antolatutako bataila edo eraso baten edo bat baino gehiagoren ondorioak ikusten ari garela orain".
Europan, parekorik ez
Zinez garai latzak izan behar izan ziren, garai berekoak diren eta gertu dauden beste zenbait aztarnategitan ere indarkeria zantzuak aurkitu dituztelako. Denboran luzatutako bortizkeria horrek seguruenera inguruetako demografian eragin nabarmena izan zuen, batez ere gizonezkoen heriotzan eraginez —orbaindu gabeko zaurien %74 eta orbaindutakoen %70 gizonezkoen artean izan ziren—. Eta horrek, antza, gerlarien errelebo bat eskatu zuen. "Indarkeria zantzuak dituzten nerabe gizonezkoen tasa Europan dokumentatutako ezein baino askoz handiagoa da. Brontze Aroko Tollense haraneko [Alemania] batailan baino askoz altuagoa, adibidez. Horregatik uste dugu borroketan parte hartzeko gizonezkoak faltan zirela, eta ondorioz berehala belaunaldi berrien erreleboa ezinbestekoa egin zitzaiela", proposatu du Fernandez-Crespok.
Baina ez dira arlo militar hutsera mugatu, eta ulertu nahi izan dute ere bortizkeriak gizarte osoan izan zituen ondorioak. Emakume eta haurren artean indarkeria zantzuak identifikatu badituzte ere, ez dakite talde barruko ala taldeen arteko bortizkeriaren emaitza ote diren. Harago, testuinguru sozioekonomikoaren berri izateko, hezurretan markatuta geratzen diren bi adierazle antropologikotara jo dute. "Batetik, begien orbitetan dauden makroporositateak ikusi ditugu. Horiek, normalean, elikadura urriari edo anemiari lotuta daude", azaldu du Fernandez-Crespok. "Bestetik, hortzetan mineralizazio eskasa ikusi dugu. Elikadurari lotutako estres handia dagoenean, normalean organismoak garrantzitsuena lehenesten du, eta horregatik hortzen esmaltea ez da behar bezala garatzen haurretan".
"EZ ZEN INDARKERIA PUNTUALA IZAN, ERREPIKATZEN ZEN ZERBAIT BAIZIK". JAVIER ORDOÑO
Bat dator Ordoño. "Orain arte uste zen Neolito Aroko gerrak oso bideratuta zeudela razzia edo harrapaketei... herri txikien kontrako erasoei. Baina hemen ikusten ari gara hainbat aldiz gertatu zela bortizkeria. Ez zen indarkeria puntuala izan, errepikatzen zen zerbait baizik". Gauzak horrela, egileek babestu dute gerraren agerpena Europan uste zena baino milurteko bat lehenago gertatu zela. Aurreratu dute uneotan datu berriak eskuratzen ari direla aztarnategiari buruz.
1985ean 25 tonako harlauza baten azpian aurkitu zituzten arrastoak, Guardia inguruetan landa bide bat atontzen ari zirenean. Harritzaren tamaina ikusita, uste da lurrikara batek estali zuela hilobia, behin betiko gordeta. Horrenbeste lagunen arrastoak anabasan izanda, hasieratik erronka handia izan da pertsona bakoitza bereiztea. "Batez ere Lourdes Herrasti egilekidearen lan eskergari esker egin ahal izan dugu oraingo azterketa", gogora ekarri dute egileek. "BIBAT museoaren biltegietan dauden 145 kutxetako materiala berreraikitzeko urtebete behar izan zuen". Beste erronka garrantzitsu bat datazioarena izan da, garai horretarako dauden erradiokarbono bidezko adierazleak ez direlako oso zehatzak, eta horrek zaildu du jakitea gorpu horiek zehazki noiz hilobiratu ziren.