Antzinako Brontze Aroan Britainia Handiko zulo batean pilatutako giza arrastoen analisian oinarrituta, nazioarteko ikertzaile talde batek ondorioztatu du lagun horiek erail zituztela, eta, seguruenera, beren gorputzak jan zituztela, hobi batera bota aurretik.
Charterhouse Warren aztarnategiko putzu batean bildutako arrastoen analisian lehen lerroan parte hartu dute Teresa Fernandez-Crespo eta Javier Ordoño arkeologoek. Antiquity aldizkarian gaur argitaratutako zientzia artikulu batean ezagutzera eman dutenez, bertan gutxienez 37 pertsonarenak diren 3.000 hezur zatiak daude, gizonezkoak, emakumezkoak eta umeak daudelarik. Karbono bidezko datazioek Kristo aurreko 2200 eta 2000 urte artean kokatu dituzte. Bi umetan, gainera, izurrite zantzuak aurkitu dituzte. Artikuluan bertan diote aurkitutakoak erakusten duela "historiaurrearen alderik ilunena"
Indarkeriaz egindako erailketaren zantzuak daude, baina ez aurretiko borrokarena. Horregatik uste dute ezustean harrapatu zituztela pertsona horiek. "Imajinatu ezin duzun maila batean prozesatuta daude arrasto horiek", azaldu du Ordoñok. "Ia-ia hezur guztiek ebaketa markak dituzte, batez ere gorpu bat laurdentzeko beharrezkoak diren puntuetan. Hori ez ezik, arrasto horietako asko kanibalizatuta daude".
"ANIMALIAK BALIRA BEZALA PROZESATU ZITUZTEN, ETA GERO JAN ZITUZTEN". JAVIER ORDOÑO
Ordoñoren esanetan, zantzu guztien arabera, bi populazioen arteko liskar bat egon zen; "populazio batek bestea sarraskitu zuen, eta ondoren beren gorpuen gainean indarkeriazko erritual hau egin zuten". Bat dator Fernandez-Crespo: "Seguruenera biktimak gertu bizi zen talde baten arerioak ziren, eskalan handituz joan zen liskar batean harrapatutakoak", azaldu du. "Agian aurretik egindako laido bati errepresaliak emandako erantzun batez ari gara, alteritate sentimendu indartsu baten barruan". Horrek azalduko luke dokumentatu duten "indarkeria izugarria".
Beste arrasto batzuetan abiatuta, zientzialariek ez dute uste sarraskia biziraupen egoera larri baten ondorio izan zenik, ez dutelako aurkitu klima krisien edo gosete zantzurik; ez dute uste ere baliabide urriengatik izandako tentsio une bat izan zenik. "Ez dirudi ere zerbait etnikoa atzean egon zitekeenik", dio Ordoñok, estrontzio isotopoen analisiaren bitartez argitu dutelako akabatutako lagunak bertako biztanleak zirela.
Hori dela eta, adituak sinetsita daude lagun horiek gertu bizi ziren populazioen arteko liskarretan izandako sarraski batean akabatu zituztela, eta, horrez gain, ondoren gizakien arrastoak laurdendu eta seguruenera jan zituztela; antza, arerio ziren horiei nolabait gizatasuna kendu nahian egin zuten sarraskia. "Animaliak balira bezala prozesatu zituzten, eta gero jan zituzten", laburbildu du Ordoñok.
"Historiaurrean, normalean abere lapurretak, taldeen arteko laidoak edota sorginkeria akusazioak ere egon daitezke horrelakoen atzean", erantsi du. "Horrek gero mendekuen sorgin zoro bat abiatu ohi du, begia begi truk. Ebidentziarik ez dugun arren, seguru aski gertaera horiek oihartzun handia izango zuten inguru osoan".
Erdia baino ez
"Erronka handia izan da Charterhouse Warreneko giza arrastoen ikerketa egitea, horiek desartikulatuta, oso apurtuta eta oso prozesatuta daudelako", adierazi du Fernandez-Crespok. Gogora ekarri du lagun horiek heriotzaren unean jasotako hausturak zituztela, bai eta ebaketa marka ugari ere. "Modu berean, aurkikuntzak aukera paregabea eman digu orain arte ezagutzen ez zen bortizkeria maila izugarri handia zuen iragan batera hurbiltzeko", erantsi du.
"AUKERA PAREGABEA EMAN DIGU BORTIZKERIA MAILA IZUGARRI HANDIA ZUEN IRAGAN BATERA HURBILTZEKO". TERESA FERNANDEZ-CRESPO
Ordoñok aurreratu du momentuz bi umetan izurrite zantzuak aurkitu dituzten arren, oraindik gehiago atera daitezkeela. Hala, ikertzaileek ebatzi ahal izango dute izurriteak gertakari horietan izan ahal zuen rola. Aztarnategiak berak oraindik asko izan dezake emateko, kalkulu batzuen arabera horren %50 baino ez baita orain arte induskatu.
Baina, momentuz, esku artean dituzten datuak sobera harrigarriak dira ikertzaileentzat. "Britainia Handian orain arte aurkitu den sarraski zaharrena da, bai eta izurrite ebidentzia zaharrena ere. Horrez gain, erritual bortitz honen parekorik ez da ikusi Europa osoan", nabarmendu du Ordoñok.