Neolito aroan Arabako Errioxan bizi ziren gizakiak bi taldetan banatzen zirela iradoki dute zientzialariek. Garai berean bizi eta 10 kilometroko distantzian egonda ere, bertakoen elikadura desberdina zela ondorioztatu dute. Horregatik, talde horietan nolabaiteko estratifikazio soziala egon zitekeela proposatu dute. Emaitzak gaur argitaratu dituzte PLOS ONE zientzia aldizkarian.
Isotopo egonkorren analisia baliatu dute duela 5.500-4.900 urte Arabako Errioxan bizi ziren populazioak aztertzeko. Zehazki, hezurretako kolagenoan pilatutako karbono-13ko eta nitrogeno-15eko isotopoak dira aztertu dituztenak. Horri esker, adituak gai dira jakiteko, gutxi gorabehera, zer nolako elikadura zuten aspaldian bizi izan ziren gizakiek zein animaliek.
EHUko genetika departamentuko kide Teresa Fernandez Crespo eta Oxfordeko Unibertsitateko (Erresuma Batua) Ricj J. Schultin ikertzaileek burutu dute analisia. Haitzuloetan eta trikuharrietan hilobiratutako 166 lagunen arrastoak aztertu dituzte. "Guztietan garai horretan ohikoa zen elikaduraren aztarna topatu dugu, baina karbono isotopoetan alde nabarmena topatu dugu, eta hori ez genuen espero", azaldu du Fernandez Crespok. Haitzuloetan hilobiratutakoek karbono maila baxuagoa zutela argi ikusi dute.
Alde hau azaltzeko, bi aukera proposatu dituzte: talde horietan espezializazio ekonomikoa egotea, ala garai horretan estatus sozialaren araberako mailaketa bat izatea.
"Agian haitzuloetan hilobiratutakoek estatus baxuagoa zuten, eta haraneko baliabideetara sarrera ere mugatuagoa zuten. Gainera, kontuan izan behar da megalitoak eraikitzeko lan asko egin behar zela, eta agian bertakoek lur hobeagoak eskuratzeko aukera zuten.
Karbono pobretzea
Haitzuloen inguruan haranean baino baso gehiago zeudela azaldu du adituak. "Basoetan oso ohikoa da karbono mailen pobretze bat, landareetan zein animaliengan".
Argitzeke dago, ordea, haitzuloetan eta megalitoetan hilobiratutakoak populazio berekoak ote ziren, ala bi talde berezituak. Hau argitzeko beste ikerketa bat abiatuko dute. Hortzetako dentinan jarriko dute orain arreta. Hezurretan ez bezala, hortzetan haurtzaroko isotopoen aztarna betiko erregistratuta gelditzen da. Ondorioz, jakin nahi dute karbono gabezi hori jaiotzetik izan zen ala heldutasunera iristean iritsi ote zitzaien.
2015ean adituak antzeko analisia egin zuen, eta orduan ondorioztatu zuen hilobiratzeetan gizonezkoen, emakumezkoen eta umeen arteko aldeak bazirela. Ondorioz, generoaren araberako lehen bazterketa aztarnatzat jo zituen alde horiek.