Maria teresa fernandez-crespo

"Erre eta abandonatu eta gero, urte luzez fosildua geratu da La Hoya"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko abu. 12a, 08:30

Maria Teresa Fernandez Crespo.

Indarkeria Neolitoan. Hori da Historiaurrean EHUko doktorea den Teresa Fernandez-Cresporen gaurko ikerketa-esparru nagusia. La Hoyako sarraskiaren azterketa osteologikoa gidatu du.

Besteak beste, Ebro haranean, Arabako Errioxako trikuharrietan, aurkitutako hezurrak sakon aztertu ditu Fernandez-Crespok, eta bertako hileta-ohiturak ere ikertu ditu. Ikertzailea izan da Oxford Unibertsitatean eta egun Frantziako Zientzia Ikerketarako Gunean lan egiten du, Marie Curie bekari esker. Duela gutxi aholkulari zientifiko gisa jardun du El Encinaleko (Elvillar) trikuharrian eta Legaireko Parke megalitikoan.

Zergatik aztertu dituzu La Hoyan aurkitutako hezurrak? Zein da helburua?

La Hoya erabat ohiz kanpoko aztarnategia da. Erasotua izan ondoren, berehala erre eta abandonatua izan zen herrixka, eta urte luzez fosildua geratu da. Erasoa gertatu zen egunetik herrixka aurkitu arte, hildako jendearen gorpuzkiak, jakiak eta ondasunak kaleetan eta etxeetan sakabanaturik geratu ziren. Bi arrazoirengatik interesatzen zitzaigun bereziki. Lehena, Iberiako Burdin Aroko ehorzketa erritual nagusia errausketa delako eta, beraz, apenas gordetzen dira garaiko gorpuzkiak bertako jendea ikertzeko eta garai hartako indarkeriaren irismena ezagutzeko. Bigarrena, aztarnategi gutxitan daudelako, La Hoyan bezala, hainbeste giza, animalia, zereal eta eguneroko objekturen arrasto, garaiko bizimodua berregiteko aukera ematen dutenak. Horregatik, ikerketa isotopikoa ere egin dugu, bizimoduak eta garaiko dieta ezagutzeko.

Nola egiten da ikerketa osteologiko bat? Zertan datza?

Giza gorpuzkien azterketa zehatza eta sistematikoa egitean datza: gizabanakoen adina eta sexua, ezaugarri fisikoak, osasuna eta gaixotasunak ezagutzeko. Lehenik eta behin, garezurrari eta pelbisari erreparatzen diegu batez ere. Garezurreko gangaren eta hortzeriaren josturen egoerak adina estimatzen laguntzen digu. Hezur luzeen fusio maila edo artikulazioetan endekapenezko zantzuak egotea ere lagungarriak izan daitezke. Pelbisa da sexua ziurtasun handiagoz estimatzeko aukera ematen digun hezurra, eskeletoaren zati hori baita gizonen eta emakumeen artean desberdinena. Bestalde, haien ezaugarri fisikoak (adibidez, garaiera) eta patologiak aztertzen dira, kasu honetan, indarkeriazko arrastoetan arreta jarriz. Izan ere, hezurrak ezberdin erreakzionatzen du trauma hil eta askoz geroago gertatzen bada, edo hil aurreko unean edo denbora-tarte horretan gertatzen bada; forma eta ertz desberdinekin sortzen dira hezurretan hausturak, eta horiek laguntzen digute jakiten kolpeak eta zauriak erasoaren momentuarekin lotu daitezkeen edo ez, eta subjektuen biziarekin amaitu ote zuten.

Zer berritasun dakar argitaratu berri duzun lanak aurretik egindako beste ikerketen aurrean?

Ia ez zegoen aldez aurretik gai horri buruzko ikerketarik argitaratuta. Paco Etxeberriak anputazioetako bat eta burua moztea deskribatu zituen argitalpen batean, baina orain arte ez da hondakin guztiei buruzko ikerketa osteologiko sistematikorik argitaratu, erasoaren ondorioak aztertzen dituena.

Zergatik esaten da, ustekabean, merkatu egun batean, gertatu zela La Hoyaren kontrako erasoa?

Ez baitago ebidentziarik populazioa defendatu zenik; eta indusketetan zereal alez betetako ontzi ugari aurkitu zituztelako, baita, antza denez, kaleko espaloietan erosteko ikusgai zeuden animalien hondakinak ere.

Iberiar Penintsulan indarkeriaren zantzuak gorde dituen Burdin Aroko toki bakarra da Guardiako herria. Zerbaitegatik da berezia? Aztarnategi gehiago egon daitezke ikertu ez direnak?

Gauza bera gerta zitekeen beste aztarnategi batzuetan ere, baina oraindik ez da zantzurik aurkitu, eta nekez ezagutzen dira antzeko kasuak Europan. Hala ere, La Hoya muga natural batean eta haran batean egoteak, ziurrenik, beste herri batzuk baino egoera ahulagoan jarri zuen.

Inguruko herriekin bereziki beligerantea zen komunitatea zela pentsatu daiteke? Jarduera militarrak pisu handia zuen komunitate bat zen?

Izan liteke, erasoaren bortiztasunari erreparatzen baldin badiogu eta nekropolietan aristokrazia gerrazale bati lotuta aurkitu diren armak ikusirik.

Aztarnategiaren zatirik handiena induskatu gabe dago oraindik. Zer datu gehiago aurkitu daitezke? 

Indusketa berriek indarkeriaren hedapenari buruzko datuak eman ditzakete; adibidez, hildakoen kopuru osoa, zein arma erabili ziren, biztanle guztien kontra basakeria maila bera erabili ote zen, eta abar, baita herriko biztanleen profil sozioekonomikoari eta haien harreman eta bizimoduei buruzkoak ere. Beste alderdi orokor batzuez gaineko informazioa lortzeko ere balioko luke, hala nola hirigintza, arkitektura, artisautza, merkataritza….

Hainbat ikerketa argitaratu dituzu Ebroko Haranean eta Arabako Errioxan zehazki, bizi ziren Neolitoko herrien inguruan. Zer nabarmenduko zenuke? 

Museoetan utzitako antzinako bildumak metodologia berrien bidez berrikustearen garrantzia nabarmenduko nuke. Azterlan horiei esker, aurkitutako unean pentsaezinak ziren iraganeko bizimoduei buruzko informazio sorta bat argitara atera da, eta gure ondare arkeologikoaren aberastasunaren balioa nabarmendu da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago