Asier Diaz

"Ez gara pribilegioez ari, hizkuntza eskubideez baizik"

Anakoz Amenabar 2024ko mar. 17a, 08:00

Asier Diaz, Korrikaren petoa eskutan. Argazkia: Erlantz Anda/ ALEA

Korrikarekin batera, 'Harro herri' leloa ozen sartuko da hilaren 18an Araban; "euskaraz bizi nahi dugula" harrotasunez aldarrikatzeko deia egin du Asier Diaz lurraldeko koordinatzaileak.   

Hirugarren Korrika du Asier Diazek Arabako koordinatzaile lanetan. "Dantza kaotiko" baten moduan gogoratzen ditu 2019ko lan haiek, besteak beste, antolatzaile ardura presaz hartzeko prozesua izan zelako tartean, eta aurtengo beharrak askoz ere lasaiago antolatzen ari dela azaldu du. "Beti daude azken momentuko ezusteak, baina horietan eraginkor jokatu behar dugu, eta aurrera atera". 

Maila polita erakutsi zuen 2022ko Korrikak. Nolako aurreikuspenak dituzue aurten?

Itzela izan zen, esate baterako, Donostiako Boulevardeko irudia jendez gainezka, eta Araban ere irudi bereziak izan genituen, elurra tarteko. Hor erakutsi genuen badagoela muskulua Araban euskararen eta Korrikaren alde. Eta aurtengo indikatzaileek diote bide beretik goazela edo markak gaindituko ditugula.   

Hilaren 18an egingo du Korrikak lehenengo sartu-irtena Araban. Egun zaila da astelehena, ezta?

Askotan herrialdeko nahiak betetzea zaila izaten da ibilbidea antolatzerakoan, ikuspegi orokorra izan behar baita. Eta astelehena zela ikusi genuenean, bai, egia aitortuta, larritu egin ginen. Baina azken hilabeteetako mugimendua ikusita, jendearen parte hartzea ikusita, eta kilometroak eskuratzeko nahi hori ikusita, orain pozten naiz astelehena izateaz; asteburua izango balitz, ez dakit non sartuko genituzkeen eskaera guztiak.

2022an erakutsi genuen badagoela muskulua Araban euskararen eta Korrikaren alde

Bada bereziki zaila den lekurik aurten?

Aurreikusten genuen Herrerako mendatean zailtasunak izango genituela, baina eskualdeko eragileekin kilometro gehienak bete egin dira; hiruzpalau oraindik bete gabe daude, beraz, denei luzatzen diegu deia, Leza eta Urizaharra arteko kilometroetan. Hutsik geratuko balira, bertako eskualdeko herritarrek konpromisoa hartu dute horiek hartzeko.

Ibilbidea antolatzerako orduan, zer izaten da kontuan?

Askotariko irizpideak daude, eta horietako bat da euskaltegiak edo taldeak ditugun eskualdeetatik igarotzea. Egia da Arabak duen geografiagatik eskualde batzuetatik bi edizioan behin igarotzeko probabilitatea oso handia dela, nahiz eta edizio guztietan mahai gainean jartzen dugun eskualde guztiak zapaltzea. Aurten, esaterako, Mendialdetik ez zen igaro behar Arabako Errioxatik igaro ahal izateko, baina azkenean aukera izan dugu sartu-irten txiki bat egiteko. Aurten lortu dugu zortzi kuadrilletatik igarotzea.

Jendea lotzea izaten da zailena antolakuntzan?

Ez nuke esango zailena denik, norberak barruan duen ezinegon hori kudeatzea baizik. Kontu gehienak lotuta daude, baina betiere azken momentuko horiek sortzen dizute ezinegona. Korrika oso handia da, eskuetatik ihes egiten diguten faktore asko daude, baina Korrikak berak duen dinamismoak Korrika aurrera aterako du.

'Harro herri'. Zertaz harro?

Euskararen kontrako oldarraldi judiziala ikusi dugu azkenaldian EAEn. Nafarroan egoera ez da samurragoa, zonaldearen arabera bereizketa linguistikoa sortzen duen legearekin, eta Ipar Euskal Herrian zer esanik ez...Badago asimilazio prozesu bat, eta horrek inplikazio asko ditu; euskaldunok, zeharka edo zuzen bada ere, gutxituak garen sentsazio hori barneratuta dugu, eta uste dut badela garaia ahalduntzeko, euskaldunak garela harrotasunez esateko, eta euskaraz bizi nahi dugula esateko. Ez gara pribilegioez ari, ez gara inposizioez ari, hizkuntza eskubideei buruz ari gara. Harrotasunez hori aldarrikatu nahi dugu.

Hiruzpalau kilometro oraindik bete gabe daude, beraz, denei luzatzen diegu deia, Leza eta Urizaharra artean

Ekonomikoki zenbaterainoko garrantzia du Korrikak?

AEK kooperatiba oso handia gara, nazio mailako ikuspegia duena, eta HABEk irakaskuntzara bideratu duen diru laguntza pozgarria bada ere, horren bidez ezin dugu estali AEKk dituen eskakizun guztiak. Eta horren adibide da AEKideok ekarpen bat egin behar diogula kooperatibari ekonomikoki bideragarria izan dadin.  Korrikari esker irauten dugu. Korrikarik gabe oso egoera zaila izango genuke.

Antolakuntza lanen artean, izango duzu disfrutatzeko aukerarik?

Furgonetaren aurretik doan kotxea eramango dut Araban, ibilbidea erakusten, eta ardura handia bada ere, disfrutatzeko aukera ere ematen du. Gainera, aurten, Bruselako Korrikak kilometro bat hartu du Añanan, ezin izango dute lasterketan  parte hartu, eta lekukoa nik eramateko aukera eman didate, beraz hor parte hartzaile modura disfrutatuko dut.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago