Euskal herritar guztiek ezin dute euskara doan ikasi. Hori salatzeko helburuarekin ipuin lehiaketa berezi bat egitea pentsatu dute aurten euskararen aldeko lasterketaren arduradunek. Paperezko bizitzak izenburu esanguratsua eman diote lehiaketari. Zabalagoa den ekimen baten barruan aurkeztu dute lehiaketa, hau ere izenburu arras esanguratsuarekin: Hizkuntzak mugarik gabe. Adierazpen baten bitartez zabaldu dutenez, "herritar orori bermatu behar zaio berezko hizkuntza ezagutzeko eskubidea, eta botere publikoek ziurtatu behar dute eskubide hori, herritarrei ezagutza doan eskainiz". AEKren Artezkaritza Kontseiluko Aize Otañok salatu duenez, urtez urte hazten ari da eskubiderik gabe dauden pertsonen kopurua.
"Zoritxarrez, herritar horiek ezin dute euskara doan ikasi, hemen eta orain, paperik ez izateak beren izatea bera ere ukatzen baitu", adierazi dute ekimenaren aurkezpenean.
Egoera horren aurrean, AEK-k aldarrikatu nahi izan du "inor ez dela ilegala", eta, ondorioz, "eskubide guztiak, eskubide berberak, denontzat" izan behar direla. Horregatik, dei egin diete Euskal Herriko administrazioei, "eskubideen bideratzaile zein bermatzaile diren neurrian, eredu izan daitezen". Martxoaren 25era arte Filosofia horren baitakoak izango dira, beraz, lehiatuko diren kontakizunak: administratiboki egoera irregularrean dauden pertsonen egoeraren inguruko kontakizun laburrak. Lanak ordenagailuz edo eskuz idatzitakoak izan behar dira, eta A4 orrialde bakar batean joango dira, word edo pdf formatuetan. Halakoetan ohikoa denez, ipuinean ezizen bat jarri beharko da, eta AEKren edozein euskaltegitan jasoko dute. Aparteko kartazal batean joango dira egilearen datuak. Posta elektronikoaz ere bidali ahalko dira —kasu honetan, ezizena eta telefonoa jarri beharko da postan —, txapelketak@korrika.eus helbidera.