Aurkeztutako hamahiru proiekturen artean Mauriziak Ez Du Inor Hil kooperatibak proposatutako Badon* proiektuak jaso zuen 2022ko maiatzean Korrika-AEK kultur sorkuntza beka, eta horri esker lantaldeak 23.000 euro jaso ditu lana gauzatzeko. Hitzordu garrantzitsua du ostiralean taldeak, urtebeteren ondoren heldu baitzaie azken emaitza jendaurrean aurkezteko unea. Aurrestreinaldia Azpeitiko Soreasu antzokian egin ondoren, erabateko estreinaldia Gasteizko Principal antzokian egingo dute ostiralean, abenduaren 1ean, 19:30ean.
Korrika-AEK kultur sorkuntza beka "aitortza" bat da Ines Osinaga proiektuaren sustzatzaile eta aktoreetako baten iritziz: "Duela bi urte hasi ginen Badon*-en ideiari bueltaka, eta bekak erakutsi zigun ideia zoro hark bazeukala bere balioa. Jaso dugun diru sarrerak ere garrantzia du, noski", adierazi du Osinagak.
Sorkuntza, bi zatitan
Ikuskizunaren sorkuntzak bi zati izan ditu; bata, espekulazio fasea, eta, bestea, prototipazio fasea. Euskal Herriko sortzaile ugari bildu ziren lehen fase horretan; Xanti Agirrezabala Badon*-eko antzezlea da horietako bat: "Bakoitzak zituen ideiak partekatu genituen elkartu ginenean, eta gero,hortik ateratako ondorioekin prototipazio fasera igaro ginen". Jarraian, ikuskizuna taularatzeko prozesuari ekin zioten. Hiru egonaldi egin dituzte, guztira, prozesuan zehar: Borderline fabrikan (Lapurdi), Uharteko Zentroan (Nafarroa) eta Azala sormen gunean (Araba).
"Opera garaikidea da Badon*, etorkizun utopiko baten sorrerari buruzko gogoetak sustatzea" helburu duena, Agirrezabalaren esanetan. Bost zati nagusi ditu operak: unibertsoaren sorrera eta kosmosa, landareen erreinua, animalien erreinua, gizakien mundua eta mundu espirituala Hain zuzen, antzerki tradizional batek dituen ezaugarri horiekin "apurtu" nahi izan dutela dio Agirrezabalak: "Zentzumenak erabilita, bidaia bat proposatzen saiatu gara". Osinagak, aldiz, "opera postdramatiko" modura deskribatzen du lana, eta "testua proiektuaren zentroa ez den lana" dela dio.
Hamahiru lanen artean, 'Badon*' proiektuak jaso du Korrika-AEK kultur sorkuntza beka
Diziplina anitz barne hartzen ditu proiektuak, Osinagak azaldu duenez: "Badon*-ek dramaturgia, antzerkia, kopla, musika, dantza eta beste hainbat diziplina nahasten ditu, normalean elkarrekin ikusten ez ditugunak". Horrek ere badu bere zailtasuna, Agirrezabalaren ustez: "Lan ildo asko batzen ditu proiektuak, eta agian horien guztien artean oreka aurkitzea izan da erronkarik handiena".
Korrika Kulturalaren ekitaldi nagusia da Badon*, eta Gasteizko estreinaldiaren ostean, 2024ko apirilera arte jardungo dute proiektua hainbat herritan taularatzen. Halaber, proiektuak hazten jarraituko duela dio azpeitiarrak: "Hau ez da produktu zurrun bat; antzerkia arte bizia da, egunero ezberdina den zerbait, eta probatzen joango gara". Osinagak, berriz, zera dio: "Badon* fantasia bat da, erditze bat, eztanda bat; Badon*-en denok gara garrantzitsuak, bakar batek ezin baitu ezer egin".