Dupla (latinetik, duplus): "Helburu bererako lagungarriak diren eta elkarren osagarri izan ohi diren bi pertsona edo gauzaren multzoa". Azken sei urteetan oholtza gainean egindako ibilbide oparoak euskal musika eszenaren erreferente izatera eraman du Dupla taldea. Beñat Oribe eta Gari Uriarte bikote aguraindarrak 2018an lagunartean sortutako proiektua da Dupla, landa ingurunetik musika urbanoa sortzeko helburuarekin jaio zena.
Elektronika, rocka, dantza, letra satirikoak, pop leloak, "borroka, maitasuna, jarrera eta sagardo txotxa" nahastuz, tradizioa eta joera berriak bateratzeko bilaketa nekaezinean, abesti zein bideoklip ugari kaleratzeaz gain, Duplak bi disko argitaratu ditu orain arte: 2019an, Folklore EPa; eta 2021eko udazkenean, iraupen luzeko lehen albuma, Nahieran. Bitartean, Euskal Herrian zein mugaren bestaldean 150 kontzertu baino gehiago eman dituzte, baita pandemia garaian ere, beren musika, entzuteaz gain, dantzatzeko zein ikuskizun moduan disfrutatzeko espektakulua dela frogatuz.
Orain, bi urte pasatxo beranduago, De un pueblo llamado Agurain hirugarren diskoa —bigarren LPa— kaleratu du bikoteak, eta honela definitu dute lan berria: "Rock musika ulertzeko modu berri bat, bi euskal gazte Agurain izeneko herri batetik. Kontakizun laburrak eta zuzenak landa ingurunetik: modernoa eta ausarta, baina mezurik gabeko letra ñoñoetan erori gabe".
Mikel Irazokiren produkzioaz —besteak beste, Miguel Bose edo Ana Torrojarekin lan egin duena— gain, Pirata-ren haizeak eta Nogen taldearen kolaborazioa izan dute disko honetan.
TRAILER
Japoniatik bueltan, oholtzara
Duela astebete diskoa kaleratu ostean, kontzertuei ekiteko unea iritsi da. Nolabait, lana argitaratu aurretik Japonian hasi dute bira, bertan sei kontzertu eskaini baitzituzten urtarrilean; baina orain Euskal Herriko zein Espainiako Estatuko zenbait hiriko agertokiak eta dantzalekuak jarriko dituzte dantzan.
Honako hauek dira, oraingoz, "gehiago ezin dutenean" amaituko den biraren lehen emanaldiak (sarrerak duplaofficial.com webgunean salgai):
- Otsailak 23: Madril (+ Awakate)
- Martxoak 1: Gasteiz (+ Maluks)
- Martxoak 7: Bilbo (+ The Tyets)
- Martxoak 14: Santiago de Compostela
- Martxoak 15: Oviedo
- Martxoak 16: L'infiestu
- Martxoak 23: Donostia (+ Awakate)
- Apirilak 19: Alicante (+ Maluks & Tanaka)
- Apirilak 20: Bartzelona (+ Bulego)
- Apirilak 26: Iruñea (+ Etxepe & Tata, Mutiko eta Denso)
DISKOA OSORIK