Abenduan Durangoko Azokara iritsi ziren nobedadeen artean, Dupla taldearen Nahieran diskoa izan genuen, hiru urteko ibilbidea borobildu eta kolaborazio bereziez jositako iraupen luzeko lehen diskoa. Orain, otsailean, album horren azken abestia, Zoo taldeko Panxorekin sortutako Animali, bideoklip bilakatu dute.
Bideoklipa sortzeko, Panxo beraren kolaborazio bereziaz gain, ohiko bidelagunekin kontatu dute aguraindarrek: Beittu eta Dronetikan Airworks ekoiztetxeek parte hartu dute ekoizpenean, eta aktoreen artean Irati Saez de Urabain (Akelarre filma), Irati Mateo, Gloria Murguialday eta Gaizka Gorospe daude.
Bitartean, pandemiaren amaiera gertuago dirudien honetan, eta hainbat data atzeratu ostean, Nahieran aurkezteko biran murgilduta dago Dupla. Araban ikusteko hurrengo aukera hiru hilabete barru izango da, maiatzaren 28an Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, Cactus taldearekin batera eskainiko duen kontzertuan. Nolanahi ere, aurretik beste kontzertu batzuk eskainiko dituzte, Euskal Herrian bertan zein Espainiako Estatuan zehar.