'Nahieran', lehen albuma Duplaren hiru urteko ibilbidea borobiltzeko

Mikel Buruaga 2021ko abe. 7a, 18:31

Gary Uriartek eta Beñat Oribek osatzen dute Aguraingo Dupla taldea. / BIDEAN PRODUKZIOAK

Durangoko Azokara iritsi diren nobedadeen artean, Dupla taldearen Nahieran dugu. Hiru urteko ibilbidea borobildu eta kolaborazio bereziez josita dator Aguraingo bikotearen iraupen luzeko lehen diskoa.

Gari Uriarte eta Beñat Oribe aguraindarrek 2018an abiatu zuten Dupla taldearen proiektua, musika urbanoa landa eremutik eta landa eremura eramateko asmoz. Hip-hopa, trapa, reggaetoia, dancehall-a, musika elektronikoa, euskal folklorea, errima satirikoak, barra abesgarriak eta beste zenbait doinu garaikide uztartuz, dagoeneko hiru urteko ibilbide emankorra osatu du Lautadako bikoteak.

Azken urteetan bideoklip eta abesti solte ugari kaleratzeaz gain, 2019an Duplatxusa Folklore EPa QR kode baten bidez entzun zitekeen— argitaratu zuten Durangoko Azokarako. Bitartean, Euskal Herri osoan zehar dozenaka kontzertu eman dituzte, baita pandemia garaian ere, beren musika, entzuteaz gain, dantzatzeko zein ikuskizun moduan disfrutatzeko espektakuloa dela frogatuz.

Orain, 2021ko udazkenean, ibilbide hori borobiltzeko unea iritsi da: Duplak iraupen luzeko lehen albuma —Nahieran— argitaratu zuen azaroarem 26an, eta egunotan Durangoko Azokan aurkeztu dute. Haritz Harreguyk ekoiztutako eta Alex Ferrerrek nahasitako LP berri honetan, taldearen ibilbidean zehar sortutako abestiak eta nobedade ugari entzun daitezke. Gainera, kolaborazio ugarirekin dator diskoa: Evaristo, Tapia eta Leturia, Kaotiko, Juantxo Glaukoma, Sara Zozaya, Skakeitan, Panxo Zoo edo Xsakara.

Kontzertuak

Dagoeneko diskoa aurkezteko biraren zenbait data baieztatu ditu Aguraingo taldeak:

  • Abenduak 30: Beikozini - Ondarru
  • Urtarrilak 13: Kafe Antzokia - Bilbo
  • Urtarrilak 15: Garaje Beat Club - Murtzia
  • Otsailak 4: Jimmy Jazz - Gasteiz
  • Otsailak 12: La Ley Seca - Zaragoza
  • Otsailak 17: Kooltur - Arrasate
  • Otsailak 18: Octavo Arte - Segovia
  • Otsailak 19: Sala Boite - Madril
  • Martxoak 04: Doka - Donostia
  • Martxoak 23: FHLIM - Zamora
  • Apirilak 22: La Sala - Valentzia 

Diskoa osorik entzun dezakezue DUPLAren YouTube kanalean eta beste plataformetan. SERIGRAFIA.eus plataforman eros daiteke, 10 eurotan; horrez gain, diskoarekin lotutako merchandising-a ere dute salgai.

Bideoklipak

Diskoa egunotan aurkezten ari diren arren, aurrerapen gisa hainbat bideoklip argitaratu dituzte jada, azken urteetan kaleratutakoez gain. Horiek guztiak Duplaren YouTube kanalean daude ikusgai; hona hemen azken nobedadeen lagintxo bat:

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide