Ehunka pertsona bildu dira Agurainen Arabako mendien defentsan

Erredakzioa 2021ko mai. 22a, 19:00

Arabako Mendiak Aske plataformak ehunka lagun bildu ditu larunbat honetan, lurraldeko mendietako proiektu eolikoen aurka Agurainen deitutako manifestazioan.

Larunbat honetan, Arabako mendietan parke eolikoak jartzeko proiektuen aurkako protesta hartu du Agurainek. 12:30ean, ehunka lagun abiatu dira herriko kaleak zeharkatu dituen manifestazioan, Mendiak ez daude salgai leloa zeraman pankartaren atzean.

Natura 2000 Sareko guneen egunean, Arabako mendietako eremu natural horiek "industrializatu gabe" mantendu behar direla aldarrikatu du plataformak, "azpiegitura gris inbasorerik gabe, beraien biodibertsitatea suntsi gabe". Azpimarratu dute ingurune horiek korridore ekologikoen bidez lotu behar direla, zatitzea eta isolatzea saihesteko.

Arabako Mendiak Askeren arabera, "lurralde honetako biztanleok jasotzen ditugun onura ekosistemikoak ez dira sakrifikatu behar aurrerapen 'berde' desnaturalizatzaile baten mesedetan". Beren ustez, "lurralde desoreka ekarriko luke, eta desoreka horrek, denoi eragiten badigu ere, landa-inguruneari kalte egingo lioke ezinbestean".

Sei proiektu eoliko

Oraingoz, plataformak 18.500 alegazio baino gehiago aurkeztu ditu Arkamu, Iturrieta eta Labrazako proiektu eolikoen aurka. Azazetako proiektuari alegazioak aurkezteko epea zabalik dago, eta Arlabango (Aramaio) proiektua ez da izapidetzen hasi oraindik.

Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzaren Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) osatutako Aixeindar sozietate publiko-pribatuak sustatutako bost proiektu horiez gain, Euskal Haizie enpresa pribatuak haize neurketak egin nahi ditu Gesaltza Añanan, bertan beste parke eoliko bat sortzeko asmoz.

Aste honetan, gainera, ezagutu dugu Aldundiak Iturrieta eta Arkamuko proiektu eolikoak aldatzeko eskatu diola Aixeindarri, txosten teknikoek ohartarazi dutelako kalte "atzeraezina" eragin dezaketela hegazti nekrofagoengan eta paisaiaren kalitatean. Izan ere, bi parke horiek Natura 2000 sareko Kontserbazio Bereziko Eremuetan (KBE) jartzeko diseinatuta daude.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide