Martxoaren 15ean Arkamu, Iturrieta eta Labrazako parke eolikoen kasuan egin bezala, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak asteazken honetan argitaratu du Azazetako parke eolikoaren proiektuari alegazioak aurkezteko epearen irekiera. Interesdunek eta herritarrek 30 egun izango dituzte proiektuaren dokumentazioa eta ingurumen inpaktuaren azterketa aztertzeko, eta, egokitzat jotzen badute, alegazioak aurkezteko.
Azazetako mendatean zortzi aerosorgailu jartzea aurreikusi dute, 40 MW-eko potentzia gordina sortzeko; horrekin batera, transformazio azpiestazio bat jarriko dute Donemiliagan, eta goi-tentsioko aireko linea elektriko bat Donemiliagatik Elgearaino. Gainera, honako udalerri hauei eragiten die proiektuak: Bernedo, Arraia-Maeztu, Dulantzi, Iruraiz-Gauna eta Donemiliaga.
Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzaren menpeko Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) osatutako Aixeindar sozietateak 37,3 milioi euro inguruko aurrekontua planteatu du Azazetako parke eolikoa eraikitzeko.
Guztira, bost parke eoliko berri proiektatu dituzte Araban: Arkamu (Erriberagoitia), Iturrieta (Arraia-Maeztu) eta Labrazako (Oion) parke eolikoak dagoeneko izapidetzen ari dira; Azazetakoaren izapidetzea gaur bertan hasi da; eta Aramaion, Arlabango mendatean, beste parke eoliko bat jarri nahi dute, eta haize neurketak egiteko 81 metroko dorre bat jartzeko lizentzia eskatu du Aixeindarrek. Gaur egun, Arabak bi parke eoliko ditu, Elgea-Urkilla eta Badaia mendilerroetan.
Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legea onartu ostean, Eusko Jaurlaritzak atzera egin du erregai fosilak bilatzeko asmoetan, eta Armentia-2 putzuan gasa ustiatzea erabat baztertu du. Erabaki horren ostean, Iñigo Urkulluren gobernuak energia berriztagarriko instalazioen exekuzioa azkartzeko beharra azpimarratu du, ezarritako trantsizio energetikoaren helburuei erantzuteko.
Alegazioak biltzeko kanpaina, aurrera
Arabako Mendiak Aske plataformak Arkamu, Iturrieta eta Labrazako proiektu eolikoak bertan behera uzteko alegazioak jasotzen jarraitzen du, eta maiatzaren 3ra bitartean jasoko ditu.
Plataformaren webgunean, manifestua, alegazioak egiteko dokumentazioa, alegazioak entregatzeko puntuen mapa eta proiektu eolikoen inguruko informazio zabala topa daiteke: arabakomendiakaske.mozello.com.
Gainera, bi mobilizazio deitu dituzte hurrengo hilabeteetarako: apirilaren 24an, 12:30ean, Maeztun; eta maiatzaren 22an, 12:30ean, Agurainen.