Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Iberdrolak osatutako Aixeindar sozietateak jarduera lizentzia bat eskatu dio Aramaioko Udalari, Arlaban mendatean haize neurketak egiteko eta, horretarako, Arlaban-3 izeneko estazio meteorologikoa instalatzeko lurzoru urbanizaezinean. Horren helburua bertan parke eoliko bat jartzeko aukera aztertzea da.
Aramaioko Udalak espedientea bidali eta proiektuaren interes publikoko deklarazioa izapidetzeko eskatu dio Diputazioko Ingurumen eta Hirigintza Sailari, eta, astelehen honetan, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (BOTHA) argitaratu da deklarazio horren hasierako onespena. Horrela, foru agindua argitaratu den unetik aurrera, hogei eguneko fase publikoa ireki da, eta epe horretan alegazioak aurkeztu ahal izango dira.
81 metroko dorrea
Bertan azaltzen denez, azpiegitura 81 metroko altuera duen dorre bat da, ez du zimendatzerik behar, lurzoruari ainguratutako kableen bidez lotuko da, eta ez dago aurreikusita instalazioaren perimetroa ixtea.
Halaber, haizea neurtzeko Arlaban-3 izeneko dorrea instalatzeko lursailaren erabilera bi urterako lagatzeko akordioa ere jasotzen da.
Parke eolikoen aldeko apustua
Joan den asteburuan, Subilla Gasteizko Armentia-2 putzuan gasa ustiatzeari uko egin diola iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak. Larunbatean plazaratutako komunikatuan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak azpimarratu zuen energia berriztagarriko instalazioen exekuzioa "premiaz bizkortu" behar dela.
Zentzu horretan, parke eoliko berriak instalatzeko proiektuak nabarmendu zituen, eta, aurreikusi daitekeenez, Eusko Jaurlaritzak horien aldeko apustua sendotzeari ekingo dio laster. Gaur egun, bi parke eoliko daude martxan Araban: Elgea-Urkilla mendizerran eta Badaia mendilerroan.
Oraingoz, beste lau parke eoliko aurreikusi ditu Aixeindarrek gure lurraldean: Arkamun, Iturrietako Mendietan, Labrazan eta Azazetan; lehenengo hirurak dagoeneko izapidetzen hasi dira, eta Arabako Mendiak Aske plataformak 3.000 alegazio baino gehiago bildu ditu. Gainera, proiektuen eraginpean dauden kontzeju ugari kontra jarri dira, aho batez.