Arabako Mendiak Askek 18.500 alegazio entregatu ditu parke eolikoen aurka

Erredakzioa 2021ko mai. 6a, 13:00

Arkamu, Labraza eta Iturrietako Mendietako proiektu eolikoen aurkako 18.574 alegazio lortu ditu Arabako Mendiak Aske plataformak. Ostegun honetan entregatu dituzte Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzan.

Hilabeteko epean, Arabako mendietan proiektatutako parke eolikoetako hiruren aurkako 18.574 alegazio bildu ditu Arabako Mendiak Aske plataformak. Zehazki, Arkamu, Iturrieta eta Labrazako zentral eolikoen proiektuak "berehala geldiaraztea" eta mendi horiek bazterketa eremu izendatzea exijitu dute.

Bildutako milaka alegazio horiek ostegun honetan entregatu dituzte Espainiako Gobernuak Gasteizko Olagibel kalean duen Ordezkariordetzan, eta bitartean elkarretaratze bat egin dute kanpoan.

Udalerriak eta kontzejuak

Herri mugimenduak aurkeztutako alegazioez gain, dagoeneko 30 kontzeju inguru agertu dira parke eolikoen aurka. Eta aste honetan bertan, Kuartango eta Erriberagoitiko udalak ere agertu dira Arkamuko proiektuaren aurka. Aguraingo Udalak, berriz, ez du Iturrietako Mendietako proiektuaren kontrako mozioa onartu, baina bere udalerrian dauden hiru aerosorgailuren aurkako alegazioa aurkeztu du.

Bestalde, asteazken honetan, Aguraingo eta Arraia-Maeztuko EH Bilduko udal taldeek alegazioak aurkeztu dizkiote Iturrietako Mendietako zentral eolikoari. Proiektua bertan behera uzteko eskatu dute, eta EAJri leporatu diote "lurraldea elkarrekin defendatzea alboratu izana".

Azkenik, ostegun honetan bertan EH Bilduk jakinarazi duenez, Iturrietako zentral eolikoa gelditzeko eskatzen duen txosten teknikoa onartu du Iruraiz-Gaunako osoko bilkurak. Proiektu eolikoen aurkako alegazioak batera aurkezteko EH Bilduren proposamena onartu duen EAJren udal gobernu bakarra izan da.

Moises Perez de Arriluzea Iruraiz-Gaunako EH Bilduren bozeramaileak EAJrekin lortutako akordioa ospatu du: "Esan genuen elkarrekin indartsuagoak izango ginela zentzugabekeria horren aurka, eta horretan berresten gara; ziur baikaude proiektu honek kalte konponezinak eragingo dituela gure inguruan".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago