Haize neurketak egin nahi dituzte Gesaltza Añanan beste parke eoliko bat sortzeko

Erredakzioa 2021ko mai. 3a, 18:00

Haize-neurgailua Añanako lurzoru urbanizaezinean instalatuko litzateke. / Argazkia: Basotxerri

Gesaltza Añanan parke eoliko berri bat jartzeko lehen urratsak ematen hasi dira, haizea neurtzeko dorre bat instalatzeko izapideekin. Aixeindarren bost proiektuez gain, seigarren proiektu eolikoa izango litzateke ekimen pribatuko hau.

Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialak (ALHAO) astelehen honetan argitaratu du Gesaltza Añanan haize-neurgailu berri bat jartzeko interes publikoko aitorpena. Kasu honetan, duela bi hilabete eratutako Euskal Haizie enpresa pribatuak eskatu du; sozietate horrek Meñakan (Bizkaia) du egoitza soziala eta 90.000 euroko kapital soziala du.

Oraingoz, haizea neurtzeko 99,3 metroko dorre bat jartzeko obrak egiteko lizentzia eskatu dio Euskal Haiziek Gesaltza Añanako Udalari. Estazio meteorologikoa Gesaltza Añanako 1. poligonoko 673 lurzatian instalatuko litzateke, Añanako udalerriko lurzoru urbanizaezinean.

Udal lizentzia hori onartu aurretik, Aldundiko Ingurumen Sailak proiektua interes publikokokoa den ala ez erabaki behar zuen. Interes publikoko aitorpena argitaratu eta gero, hogei eguneko erakustaldi publikoa hasi da, eta epe horretan alegazioak aurkeztu daitezke.

Proiektu eolikoen "sukarra"

Parke eolikoen proiektuak etenik gabe hedatzen ari dira Arabako mendietan. Lehenengo bostak Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) osatutako Aixeindar sozietatearen eskutik iritsi dira.

Arkamu, Labraza eta Iturrietako Mendietako proiektuak izapidetze-fasean daude, eta gaur bertan, maiatzaren 3an, alegazioak aurkezteko epea amaituko da; laugarrena, Azazetako parke eolikoa, alegazioak aurkezteko fasean dago ere; bestalde, Aramaion beste parke eoliko bat jarri nahi dute, eta Arlabanen haize neurketak egiteko 81 metroko dorre bat jartzeko lizentzia eskatu du Aixeindarrek.

Gaur egun, bi parke eoliko daude martxan Araban: horietako bat Elgea-Urkilla mendizerran eta bestea Badaia mendilerroan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago