Aldundiak Iturrieta eta Arkamuko proiektu eolikoak aldatzeko eskatu dio Aixeindarri

Erredakzioa 2021ko mai. 20a, 09:10
Foru zerbitzuek Arkamu, Iturrieta eta Labrazako proiektu eolikoak aztertu dituzte. / PIXABAY

Foru Aldundiaren txosten teknikoek ohartarazi dute Iturrieta eta Arkamuko proiektu eolikoek kalte "atzeraezina" eragin dezaketela hegazti nekrofagoengan eta paisaiaren kalitatean.

El Correok ostegun honetan argitaratu duenez, Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) osatutako Aixeindar sozietateak nabarmen aldatu beharko ditu Arkamu mendilerrorako eta Iturrietako Mendietarako parke eolikoen proiektuak. Izan ere, gizartearen eta Arabako kontzejuen zati zabal baten arbuioari erakundeen eskaera gehitu zaie orain (proiektua bera zalantzan jartzen ez duen arren).

Arabako Mendiak Askek entregatutako 18.500 alegazioez eta gizarte eragileek zein oposizioko talde politikoek aurkeztutakoez gain, Aldundiaren txosten teknikoek ohartarazi dute Natura 2000 sareko Kontserbazio Bereziko Eremuetan (KBE) kokatutako bi gune natural horietan 200 metroko altuera duten errotak jartzeak ondorio "iraunkor eta atzeraezinak" eragingo lituzkeela flora eta fauna espezie ugaritan.

Industria eta Trantsizio Ekologikoko Ministerioek dagoeneko jaso dituzte Ingurumen Iraunkortasunaren eta Natura Ondarearen foru zerbitzuek idatzitako txosten horiek. Hala ere, txosten horiek ez dira behin betikoak. Aixeindarrek proiektuen zuzenketa prestatzeko aukera du oraindik, ingurumen-agintarien oniritzia jaso nahi badu.

Foru zerbitzuek Arkamu, Iturrieta eta Labrazako proiektu eolikoak aztertu dituzte. Labrazako (Oion) proiektuaren kasuan, zuzendu beharreko gai zehatz batzuk baino ez dira aipatu: adibidez, errota baten kokapen zehatza edo azterlan akustikoak egitearen beharra.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide