Ekainaren 17an alkatetza EAJ eta PPren babesarekin eskuratu ostean, Maider Etxebarria alkate sozialistak ez du lortu, gaur arte, 458,9 milioi euroko aurrekontu proiektua aurrera ateratzeko akordiorik; ez inbestidurako bazkide PPrekin, ez azken urteetako aurrekontuetan babesa eskaini ohi duen Elkarrekin taldearekin.
Elkarrekin eta PPren ezezkoaren ostean, PSE eta EAJren udal gobernuaren proiektu ekonomikoa onartzeko gehiengoa lortu ahal izateko aukera bakarra EH Bildu zen, 2023ko udal hauteskundeetako alderdi bozkatuena. Azken egunetako negoziazio sutsuen ostean, asteazken honetan, azken orduko eta ezusteko aldaketa adostu zuten hiru taldeek Gasteizko aurrekontuen eztabaidan: atzorako aurreikusita zegoen zuzenketen eztabaida ostiralera atzeratzea. Hasierako onarpena asteartean egin beharko litzateke, ezohiko osoko bilkura batean; eta legegintzaldiko lehen aurrekontua martxoan sartuko litzateke indarrean.
Ostegun honetan 10:30ean egindako agerraldi batean EH Bilduko udal taldeak baieztatu duenez, udal gobernuak —PSEren sei zinegotzik eta EAJren beste seik osatuta— eta EH Bilduko zazpi zinegotziek aurrekontu akordio bat erdietsi dute.
Akordioaren gakoak
Goizean zehar ezagutu dira aurrekontu akordioaren inguruko xehetasunak. Laburbilduz, udal gobernuak onartutako zuzenketen bidez, EH Bilduk 6 milioi euro gehiago —hasieran 12 milioi proposatu zituen— txertatu ditu hainbat partidatan:
Gizarte babesa: 2.700.000 euro
- Etxebizitza komunitario berriak martxan jartzea: 2.000.000 euro
- Auzoetako adinekoen jangela sarea handitzea: 500.000 euro
- Emakumeentzako arreta baliabide berriak: 200.000 euro
Etxebizitza: 850.000 euro
- 21 Zabalgunearen etxebizitza parkea birgaitzea: 850.000 euro
Ekonomiaren sustapena: 850.000 euro
- Enplegu plana sektore emergenteetarako: 350.000 euro
- Merkataritza lokalen dinamizazioa: 300.000 euro
- Merkataritzan belaunaldi txandatzea errazteko plana: 200.000 euro
Energia trantsizioa: 900.000 euro
- Energia komunitateak sortzea zonalde degradatuetan: 600.000 euro
- Bizikleta eta MPI mailegu sistema: 300.000 euro
Hiri bizigarria: 700.000 euro
- Oihanederretik Sortegira: 250.000 euro
- Gasteiz Euskararen Hiria: 50.000 euro
- Gazte Plaza: 50.000 euro
- Alde Zaharrean zuntz optikoa sartzeko obrak: 150.000 euro
- Goikolarrako zentro soziala ekipatzea: 150.000 euro
- Biosferaren erreserba proiektua: 50.000 euro
Konpromiso kredituak
Horrez gain, EH Bilduk zuzenketetan beste 6.100.000 euro sartu dituzte konpromiso kredituetan:
- Etxebizitza komunitarioetan: 2.000.000 euro
- 21 Zabalgunearen etxebizitza parkean: 2.000.000 euro
- Merkataritza lokalean: 600.000 euro
- Energia komunitateetan: 1.500.000 euro
Gizarte politikak, akordioaren ardatz
EH Bildu izan da lehena adierazpenak egiten, eta "herritarren bizi baldintzak hobetuko dituen" akordioa dela aldarrikatu du Rocio Vitero bozeramaileak. "Babes soziala handituko du, etxebizitza eskaintza hobetuko du, trantsizio energetikoan aurrera egitea ahalbidetuko du eta tokiko ekonomia eta enplegua bultzatuko ditu. Esan genuen eta errepikatzen dugu: gure konpromisoa herritarrekin da".
"EH Bilduk erantzukizun eta seriotasun osoz jokatu du beti, aurrerapausoak eta hobekuntzak lortzeko lanean. Beti defendatu dugu akordioak lortzeko dugun gaitasuna. Izan ere, argi dugu helburua ez dela akordioa bera, horrek ekar ditzakeen hobekuntzak baizik", azpimarratu du Viterok.
Gaur arratsaldean, militantziari helaraziko diote udal gobernuarekin adostutako proposamena, berrets dezan. "Espero dugu gure militantziak balioan jarriko duela gure ekintza politikoaren erdigunean herritarrak eta haien beharrak jartzen dituen eta Gasteizen politika aurrerakoietan aurrera egitea dakarren akordio bat", aldarrikatu du zinegotziak.
"Egonkortasuna" eta "errekorreko inbertsioa"
Beren aldetik, Maider Etxebarria (PSE) alkateak eta Beatriz Artolazabal (EAJ) alkateordeak presazko prentsa agerraldia egin dute 11:00etan, udaletxeko prentsa aretoan, udal gobernuaren balorazioa egiteko. Akordioak "egonkortasuna eta konfiantza" eskainiko dituela azpimarratu du Etxebarriak.
Gainera, aurreikusitako 458,9 milioi euroko eta 60,4 miloi euroko inbertsioari sei milioi euro gehiago gehitzeak "errekorreko inbertsioa" ekarriko duela ospatu du. "Gobernu honek atsedenik gabe, diskrezioz eta azken minutura arte egin du lan Gasteizek aurrekontuen luzapena ekidin eta agintaldiko lehen urtean aurrekontu arrunta izan zezan, legealdiko ildo nagusi batzuk zehazteko oso garrantzitsua baita", gaineratu du alkateak.
"Gure aurrekontu proiektuak norabide argia zuen, ondo markatutako helburuak; eta EH Bildu bat zetorren horiekin. Horrek erraztu egin du gaurko albiste ona. Hiru taldeok eskuzabaltasunez jokatzen jakin dugu, guztiaren gainetik interes orokorra eta hiri ikuspegia jarriz. Pertsonak eta haien premiak lehenetsiz alderdikerien aurretik", nabarmendu du Artolazabalek.
"Alkatea EH Bilduren besoetan"
Bestalde, Ainhoa Domaika PPko bozeramaileak presazko balorazio agerraldia deitu du 11:30ean, Plaza Berrian, akordioa gogor kritikatzeko. "PSOEko alkatea Bilduren besoetan etzan da, Gasteizen inoiz egin ez den aliantza batean", ohartarazi du zinegotzi popularrak. "Maider Etxebarriak biraketa erradikala ezarri du Gasteizko norabidean. Iruñearen ondoren, Gasteiz beste urrats bat da Pedro Sanchezek ezker abertzalearekin itunak egiteko estrategiaren barruan".
"Interes politiko estrategikoak"
Azkenik, hedabideei bidalitako presazko ohar batean, Garbiñe Ruiz Elkarrekin taldeko bozeramaileak ere udal gobernuaren eta EH Bilduren jarrerak kritikatu ditu. Alde batetik, "tristezia eta kezka" adierazi du udal gobernua Elkarrekin taldearekin "elkar ulertzeko gai izan ez" delako eta, ondorioz, "herritarrak galtzaile" atera direlako.
Bestetik, EH Bilduri "itxaropenak murriztea" eta "2016tik izan ez duen borondatea orain izatea" leporatu dio. "Orain, bat-batean, hauteskunde autonomikoak iristear direla. Kasualitatea? Ez, akordio honek ezkutatzen duena EH Bilduren beste helburu bat da, eta azken erabakian beste interes politiko estrategiko batzuk nagusitu dira".
PSE eta EH Bildu, gero eta hurbilago
Azken hilabeteetan, sozialisten eta independentisten arteko harremanen normalizazioa erraztu dute, besteak beste, Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatzeko eta Joseba Asiron Iruñeko alkate bihurtzeko akordioek. Araban ere, Iruña Oka eta Oiongo aurrekontuak aurrera atera berri dira PSE eta EH Bilduren arteko akordioari esker. Baina Gasteizen, PSE, EAJ eta EH Bilduren arteko antzeko akordio bakarra 2016an izan zen, Javier Maroto eta PPri alkatetza kendu eta Gorka Urtaran jeltzalea alkate izendatzeko.