Gasteizko aurrekontuak aurrera ateratzeko giltza du EH Bilduk

Erredakzioa 2024ko urt. 24a, 10:30

EH Bilduren Gasteizko udal taldearen kargu-hartzea, ekainean. Argazkia: EH Bildu

Aurrekontuen eztabaidaren egutegia aldatzea adostu dute PSEk eta EAJk EH Bildurekin, Elkarrekin eta PPren ezezkoaren ostean koalizio subiranistarekin akordioa lortzeko asmoz. Gaurko saioa ostiralera atzeratu dute.

Ekainaren 17an alkatetza EAJ eta PPren babesarekin eskuratu ostean, Maider Etxebarria alkate sozialistak ez du lortu, oraingoz, 458,9 milioi euroko aurrekontu proiektua aurrera ateratzeko akordiorik; ez inbestidurako bazkide PPrekin, ez azken urteetako aurrekontuetan babesa eskaini ohi duen Elkarrekin taldearekin.

Une honetan, PSE eta EAJren udal gobernuaren proiektu ekonomikoa onartu ahal izateko aukera bakarra EH Bildu da, 2023ko udal hauteskundeetako alderdi bozkatuena. Asteazken honetan azken orduko eta ezusteko aldaketa adostu dute hiru taldeek Gasteizko aurrekontuen eztabaidan: gaurko aurreikusita zegoen zuzenketen eztabaida, eta ostiralera atzeratuko da; eta aurrekontuaren hasierako onarpena asteartean egin beharko litzateke, ezohiko osoko bilkuran.

Izan ere, Maider Etxebarriaren gobernuak —PSEren sei zinegotzik eta EAJren beste seik osatuta— akordioa bilatu nahi du EH Bilduko zazpi zinegotziekin, eta horretarako denbora gehiago beharko du. Negoziazioak zabalik daude oraindik, baina, antza denez, jarrerak hurbildu dituzte azken egunetan eta "borondatea" badago.

Koalizio subiranistako Arabako koordinatzaile Ibon San Saturninok azken egunetan azaldu duenez, EH Bilduren azken proposamena 12 milioi euroko balioa duten 21 zuzenketa izan dira, gizarte politiketan, etxebizitzan, eraldaketa ekonomikoan eta trantsizio energetikoan oinarrituta. Aurrekontua martxoan sartuko litzateke indarrean; azkenean adostasun batera iristen ez badira, ordea, 2023ko aurrekontuak luzatzera behartuta egongo da udal gobernua.

Azken hilabeteetan, sozialisten eta independentisten arteko harremanen normalizazioa erraztu dute Pedro Sanchez Espainiako presidente izendatzeko eta Joseba Asiron Iruñeko alkate bihurtzeko akordioek. Araban ere, Iruña Oka eta Oiongo aurrekontuak aurrera atera berri dira PSE eta EH Bilduren arteko akordioari esker. Baina Gasteizen, PSE, EAJ eta EH Bilduren arteko antzeko akordio bakarra 2016an izan zen, Javier Maroto eta PPri alkatetza kendu eta Gorka Urtaran jeltzalea alkate izendatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago