Iruña Oka eta Oiongo aurrekontuak adostu dituzte EH Bilduk eta PSEk

Erredakzioa 2024ko urt. 19a, 12:00

Goian, Langraiz Oka airetik ikusita; behean, akordioaren goiburua. ALEA

Bi alderdien arteko akordioak ahalbidetu du 2024ko aurrekontuak aurrera ateratzea Arabako bi udalerrietan: PSEren esku dagoen Iruña Okan, EH Bilduren babesarekin; eta EH Bilduren esku dagoen Oionen, berriz, PSEren abstentzioarekin.

EH Bildu eta PSEren arteko harremanen normalizazioak beste urrats bat egin du, oraingoan Araban. Izan ere, Iruña Oka (Añana) eta Oiongo (Arabako Errioxa) —alkatetza EH Bilduren esku— udalek 2024rako aurrekontuak aurrera ateratzea lortu dute aste honetan, bi alderdien arteko nolabaiteko akordioari esker.

Iruña Okan alkatetza PSEren esku dago: PSEk lau zinegotzi ditu, EAJk hiru, EH Bilduk bi eta PPk beste bi. Miguel Angel Montes Sanchez alkate sozialistaren udal gobernuak EH Bilduren aldeko botoekin. Nolanahi ere, ez da lehen aldia hori gertatzen dela; izan ere, hirugarren urtea da koalizio subiranistak sozialisten aurrekontua babesten duela.

Oionen alkatetza EH Bilduren esku dago: EH Bilduk bost zinegotzi ditu, EAJk hiru, PPk bi eta PSEk bakarra. Jose Manuel Villanueva Gutierrez alkate independentistaren udal gobernu berriak PSEko zinegotziaren abstentzioa lortu du, aurrekontua aurrera ateratzea ahalbidetuz. Kasu honetan, EH Bilduko alkatearen lehenengo legegintzaldia da, eta, beraz, baita aurrera atera duen lehen aurrekontua ere.

Akordioak bereziki garrantzitsuak dira bi udalerriak beren kuadrillako biztanle nukleorik populatuenak direlako. Gainera, Iruña Oka Arabako bosgarren udalerri populatuena da (3.597 biztanle), eta Oion seigarrena (3.405 biztanle).

Iruña Oka: zortzi puntuko akordioa

Davide di Paola Iruña Okako EH Bilduko bozeramaileak azpimarratu duenez, hirugarren urtez jarraian lortu dute aurrekontu akordioa Iruña Okako udalean: "Azken hiru urteetan, EH Bilduk urratsak eman ditu Iruña Okaren eta bertako biztanleen bizi baldintzak hobetzeko. Hori izan da beti gure helburua, eta horretan jarraituko dugu", ospatu du.

Azaldu duenez, zortzi puntuko akordioa sinatu dute bi alderdiek:

  • 130.000 euro: udalerrian zerbitzu soziosanitarioak zentralizatzeko lurzatiak erosteko azterlana egiteko. Lursail horiek osasun zentro berri baterako eta egoitza publiko baterako erabiliko lirateke.
  • 55.000 euro: energia berriztagarrien iturriak garatzeko.
  • 40.000 euro: zentro soziokulturalean plaka fotovoltaikoak instalatzeko.
  • 25.000 euro: tokiko merkataritza garatzeko jarduerak sustatzeko. Besteak beste, azoka zelaitik plazara hurbileko merkatuarekin jarraitzeko asmoa dute; EH Bilduk sustatutako eta 2023an hasitako ekimena da.
  • 20.000 euro: euskarazko jarduerak antolatzeko.
  • 15.000 euro: podologia zerbitzu baterako diru-laguntza emateko.
  • 10.000 euro: lan-poltsen zerbitzu bat sortzeko.
  • 6.000 euro: udalerriko etxebizitzaren egoeraren inguruko azterlan bat egiteko.
  • 7.900 euro: zaratari buruzko ordenantza bat egiteko.

Oion: aurrekontua %10 handiagoa

Bestalde, Jose Manuel Villanuevak abenduan aurkeztutako 4,3 milioi euroko aurrekontu proiektua onartzea lortu du Oionen; guztira, 4.337.857 euroko proiektu ekonomikoa da. Bizilagunek proposatutako zazpi proiektu eta oposizioko taldeen proposamenak jasota, aurrekontua %10 handitu du udalak 2024rako, eta inbertsio gehienak herriko azpiegiturak hobetzeko izango dira.

Aurrekontu parte-hartzaileak egiteko apustua izan da alkate berriarena, eta, ekainean makila eskuratu ostean, joan den azaroan ekin zion herritarren proposamenak jasotzeko prozesuari. Lan horren ondorioz, herritarrek egindako proposamen guztiak sartu dituzte 2024rako aurrekontuetan.

Honako hauek dira Oiongo Udalak nabarmendu dituen inbertsio nagusiak:

  • 316.000 euro: udal igerilekuen instalazioak hobetzeko, besteak beste, zabuak estaliz.
  • 194.000 euro: kultura eta kirol jardueretarako partidak (20.000 euro inguruko igoera).
  • 31.000 euro: eraginkortasun energetikoa hobetzeko auditoria energetiko bat.
  • 30.000 euro: udalerriko irisgarritasuna hobetzeko.
  • 22.500 euro: LED argiteria instalatzeko, besteak beste Alde Zaharrean eta Olozaga kalean.
  • 9.000 euro: udal aldizkari bat argitaratzeko.
  • 2.500 euro: eskubaloia sustatzeko. Kirol horrek udalerriko 70 gazte biltzen ditu, eta orain arte ez zuen udalaren laguntza ekonomikorik.
  • Handituko diren beste partida batzuk:
    • Berdintasuna
    • Euskara ikasteko bekak
    • Ekortzeko makina berria eskuratzea
  • Gasa eta elektrizitatearen fakturak: beste merkaturatzaile bat kontratatu ondoren, udal gobernuak gastua %40 murriztea lortu du.
  • Aurreko legegintzaldian egin gabe zeuden baina oraindik gauzatu ez diren obrak:
    • 665.000 euro: plaza nagusia berrurbanizatzeko.
    • 35.000 euro: Santa Luzia kaleko espaloi zatia berritzeko.
    • 69.000 euro: Baranda kalean aurreikusitako inbertsioak, plaza nagusiari zerbitzua emateko biltegi bat eta espazio osagarri bat sortzeko.
    • 125.000 euro: patinen eta bizikleten pista, petanka pistaren estalkia eta Oion Arenako hodien aldaketa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago