Maider Etxebarria da Gasteizko alkatetza lortu duen lehen emakumea

Erredakzioa 2023ko eka. 17a, 10:14

Maider Etxebarria, Gasteizko udaletxean. GASTEIZKO UDALA

EAJ eta PPren eskutik jaso du aginte makila alkate sozialistak; EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Rocio Viteroren hautagaitza babestu dute.

Hauteskunde osteko aliantzek erabaki dute aginte makila nork jaso duen. Maider Etxebarria, PSE-EEren burua, eta bigarren hautagai bozkatuenak gidatuko du Gasteizko Udala hurrengo lau urteetan, Gorka Urtaran jeltzaleari lekukoa hartuta.

Inbestidura saioa Gasteizko Udaleko idazkari nagusi Martin Gartziandiak ireki du, 09:00etan; jarraian adin-mahaia osatu dute, Jon Armentia (PSE-EE) edadetuenak zuzendu du, eta kide gazteenak, Maria Nanclaresek (PSE-EE) lagundu. Isilpeko bozketa bidez hautatu dute alkatea. Guztira, 27 zinegotziren artean aukeratu dute alkate berria: EH Bilduko zazpi, PSE-EEko sei, PPko sei, EAJko sei eta Elkarrekin Podemoseko bi.

Azkenik, jeltzale eta popularren babesari esker lortu du babesa hautagai sozialistak; 18 boto lortu ditu. Rocio Viterok ere aurkeztu du alkate izateko hautagaitza, baina bederatzi zinegotziren babesa baino ez du lortu; Elkarrekin-en bi boto izan ditu, EH Bilduren zazpi botoez gainera.

Historiako lehen emakumea

"Ohore bat da niretzat lehenengo alkate emakumea izatea hiri honetan", adierazi du Etxebarriak. "Gaur Gasteizek pauso bat eman du aurrera, baina borrokatzen jarraitu behar dugu. Emakumeak biztanleriaren erdia gara eta emakumeen talentuak tokia irabazten jarraitu behar du. Emakume gehiago behar ditugu", esan du aginte makila jaso berritan. Gogoratu du munduko 19 herrialdetan soilik dutela emakume bat gobernuburu, eta Euskadin kudeaketa postuen %6 baino ez direla emakumeak. "Gauza handia da emakume aurrerakoi bat Gasteizko alkatetzara iristea".

Alkate izendatu berri, bestalde, EAJrekin koalizioan joateko nahia agertu du Etxebarriak, eta beste alderdiei adostasunak lortzeko aukera eskaini die. "Erronka handiak ditugu aurretik: ekonomikoak, sozialak eta klimatikoak". Lanerako prest agertu da, "gauzak aldatzeko" gogoz: "Bene-benetan uste dut bihotza ilusioz beterik duen jendeak gauzak hobera aldatzeko gaitasuna duela. Eta ahalegin eta sakrifizioarekin edozer egin daitekeela. Horregatik, bada, berretsi egin nahi dizuet egonkortasuna, hurbiltasuna eta akordio-nahia eskaintzeko asmo sendoa".

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago