Gasteizko udal gobernuak 458,9 milioi euroko proiektu ekonomikoa planteatu du 2024ko aurrekontuen eztabaidarako; 2023ko aurrekontua baino 24,3 milioi euro handiagoa (%5,64) eta "historiako handiena". Gainera, aurrekontuak 60,4 milioi euroko inbertsioa proposatu du, orain arteko "errekorra", azken urteetan atzeratutako proiektuak gauzatzeko.
Ostiralean prentsaurrean aurkeztu zuten Maider Etxebarria Gasteizko alkateak, Beatriz Artolazabal alkateordeak eta Jon Armentia Ogasun zinegotziak, aurrekontu "errealista" eta "orekatuak" aurrera ateratzeko helburuarekin. Azaroan aurkeztutako 2023/2027ko Gobernu Programaren ildotik, besteak beste, honako hauek izango dira 2024. urterako proiektu nagusiak:
- Principal Antzokia zaharberritzea
- Tranbia Zabalgana auzora zabaltzeko proiektua definitzea
- Izaskun Arrue Kulturgunea irekitzea
- Tuvisaren kotxetegien hirugarren fasea garatzea
- Tuvisako atobusen flota berritzea eta elektrifikatzea
- Etxebizitzak birgaitzea: 4 milioi euro baino gehiago
- Maturana-Berastegi Jauregia berritzeko lanak hastea, bertan Gasteizko Memoriaren Espazioa sortzeko
- Zaramaga auzoaren birgaitze integrala egiteko plana lantzea: 2,8 milioi euro (beste zenbait inbertsiorekin batera)
- Bizan zentroaren erreforma: 512.000 euro
- Eguneko arretarako zentroa: 1,9 milioi euro
- Abastos merkatuko zamalanetako kaia irekitzea, El Corte Inglesekin lotzeko
- Herrandarren kaleko birgaitze lanekin aurrera jarraitzea
Orain, proiektu ekonomikoa onartzeko gehiengoa bilatuko du udal gobernuak, eta gutxienez beste alderdi baten babesa lortu beharko dute PSEk eta EAjk. Negoziazioei begira "adostasunak lortzeko" deia egin du Etxebarriak, gainerako taldeei "erantzukizunez" jarduteko eskatuz. "Une erabakigarria iritsi da. Lehentasuna Gasteizek du, eta, horregatik, taldeei eskatzen diet aurrekontu hau hobetzeko egokitzat jotzen dituzten zuzenketak aurkezteko", adierazi du alkateak.
Astelehenetik aurrera, udal gobernuko sail bakoitza xehetasun gehiagorekin definitzen hasi da ostiralean aurkeztutako aurrekontua. Gainera, Europako Funtsen finantziazioaren arabera, etorkizunean proiektu gehiago martxan jartzeko asmoa du udal gobernuak.
Gizarte politikak eta Judimendiko Bizan zentroa
Gobernu taldearen asmoa da gizarte politiketan 52,6 milioi euroko inbertsioa egitea, ekitaldi honetakoa baino %9 handiagoa, "premia handiena duten pertsonen eta, bereziki, adinekoen babes eta sustapen sozialera" bideratuta. Besteak beste, honako inbertsioak aurreikusi dituzte:
- Etxez etxeko laguntza zerbitzua: 18 milioi euro (gaur egun baino lau milioi euro gehiago)
- Judimendiko Bizan zentro berria: 100.000 euro (proiektua idazteko), "laster baldintza guztiak betetzen dituen lokala izango dutelakoan"
- Genero ikuspegia azpiegitura berdean eta argiztapenean, eremu ilunak eta arriskutsuak saihesteko
- Bideozaintzarako kamerak, "segurtasuna indartzeko eta delituak prebenitzeko"
Jasangarritasuna eta garraio publikoa
"Hiri garbiagoa, berdeagoa eta kutsadura gutxiagokoa" helburu, Gasteizko Udalak 42 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa planteatu du hondakinen kudeaketarako eta garbiketarako. Horrez gain, garraio publikoarekin lotutako beste zenbait inbertsio aurreikusi ditu:
- %100ean elektrikoak diren hamar autobus erostea: 4 milioi euro
- Tranbia Zabalgana auzora zabaltzeko proiektua definitzea: 1,7 milioi euro
- Tuvisako lineak berrantolatzea, Salburua auzoko tranbiarekin bikoiztasunak ekiditeko eta hiriko auzo gehiagotara (Goikolarrara eta Arkaiatera, adibidez) iristeko
- Bidegorrien eta aparkaleku seguruen sarea handitzea, auzoen arteko zein hiriaren eta Arabako Teknologia Parkearen arteko konexioak hobetzeko
- Etxebizitzak birgaitzea, energia eraginkortasuna oinarritzat hartuta: 4,1 milioi euro
Ekonomia eta enplegua
"Jarduera ekonomikoa, ekintzailetza eta berrikuntza bultzatu nahian", Gasteizko udal gobernuak 8,5 euroko inbertsioa —Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoaren Sailaren aurrekontuaren erdia— proposatu du enpleguaren eta prestakuntzaren arloan neurri zehatzak garatzeko.
Horrez gain, merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko 2,2 eta 1,6 milioi euroko inbertsioak proposatu ditu, hurrenez hurren. Bestalde, kongresuak eta turismoa sustatzeko beste 1,4 milioi euro bideratu nahi ditu.
Kultura: espazioak eta ekitaldi berriak
"Hiri aktiboa eta biziduna" lortzeko asmoz, Kultura eta Hezkuntza Sailaren bitartez hainbat inbertsio aurreikusi dituzte 2024rako:
- Principal Antzokiaren erreforma: 5.850.000 euro (zenbateko hori Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak osatuko dute)
- Principal Antzokiaren programazioa bermatzea, zaharberritze lanak hasi ostean: 700.000 euro
- Izaskun Arrue Kulturgunea irekitzea: 540.000 euro
- Maturana Berastegi jauregia birgaitzea: 500.000 euro
- Ekitaldi berriak antolatzea: 440.000 euro
- Iradier Arenari buruzko "azterketa sakona eta sendoa, behin betikoa, fidagarria eta bideragarria" den proposamena zehazteko: 39.000 euro
Auzoak eta herriak
Hiriko auzoetan "irmotasunez esku hartzeko" beharra dagoela uste du udal gobernuak, bertako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko. Hortaz, "kultura gehiago, segurtasun gehiago, baliabide sozial gehiago, berdegune gehiago eta aisialdirako eremu gehiago" agindu ditu Beatriz Artolazabal alkateordeak.
Garatu beharreko jarduerak 2024ko lehen seihilekoan zehar aurkeztuko den Auzoen Planean jasoko dituzte. Horretarako lau milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusi dute.
Pare-hartzea
"Gertukoa eta eraginkorra den gobernua" nahi du Maider Etxebarria alkatearen kabineteak, eta "arreta arina eta administrazioko izapidetze gutxiagokoa eskaintzeko gai den tokiko administrazioaren aldeko apustua" egingo du. Gobernu Irekiaren Sailak sei milioi euroko aurrekontua izango du, besteak beste "herritarren parte-hartzea sustatzeko eta orain arte albo batera egon diren pertsonak erakartzeko formatu eta sistema berriak" garatzeko.
Horrekin batera, administrazioa modernizatzeko prozesuan aurrera egiteko asmoz, aplikazio eta ekipo informatiko berriak eta informazio sistema seguruak garatuko dituzte.