Skatalites, Gasteizko Jazzaldia berotzen hasteko

Erredakzioa 2023ko eka. 5a, 18:34
22:30ean eskainiko du kontzertua ska talde entzutetsuak. / Skatalites

Jazza Parkean jaiari amaiera emango dio Jamaikako taldeak, uztailaren 1ean, Pradon.

Gasteizko Jazzaldia uztailaren 3tik 8ra ospatuko bada ere, bi egun lehenago jaialdiaren osagarri diren jazz kontzertuetaz gozatu ahal izango da. Prado parkean entzungo dira lehengo akordeak, uztailaren 1ean, eta Skatalites Jamaikako talde mitikoa izango da taula gainean.

Jazza Parkean doako egitasmoarekin, herritarrak jazzera gerturatzea nahi dutela azaldu dute antolatzaileek, 46. Gasteizko Jazzaldirako "belarriak berotzen" joateko. Hamabi orduko musika eskaintza izango da prest.

Jazzbana Ensembleren familiako ikuskizun didaktikoak irekiko du programazioa, 12.00etan; musikaren eta antzerkiaren bidez eta Irati Bilbaoren ahotsarekin, taldeak jazzaren historian zehar ibilbide bat egingo du New Orleansetik Chicagora bidaiatuz. Jarraian, Swing Shot Band talde kataluniarrak lindy hop dantza egitera gonbidatuko ditu gasteiztarrak.

Aurreko urteetan egin ohi den bezala, musika eskolak programazio honen parte izango dira. Luis Aranburu eta Jesus Guridi kontserbatorioko ikasleek euren talentua erakutsiko dute, 15:30etik 18:00etara, Eider Elorza donostiarraren Eira & Band bandari lekua egiteko, Musikene Herri Jazz Ibiltariaren programaren barruan.

Iosu Izagirre musikari gasteiztarrak eta bere seikoteak Mingus Moods lana aurkeztuko dute 19:30etik aurrera, Charles Mingus bertutetsuaren omenez. Iluntzearekin batera, Estatuko hip hop DJ onenetako bat iritsiko da jazza eta funka sampleatuz: R de Rumba & Porcel, Violadores del Verso taldeko kidea eta Kase O-ren taldekidea.

Eta Jamaikako musika herrikoiaren talde ospetsuetako batek emango dio amaiera egunari, 22:30ean: The Skatalites. Ska-ren aitzindari, taldea 1964an sortu zen Jamaikako Kingston hirian, baina hainbat emanaldiren ostean banandu egin ziren; 1983an berriro elkartu ziren eta ordutik hogei album inguru argitaratu dituzte.

Mendizorrotzeko saio bikoitzak

Gasteizko Jazzaldiaren programazio nagusia uztailaren 5etik 8ra garatuko da Mendizorrotzeko kiroldegiko agertoki nagusian:

  • Uztailak 5, asteazkena: Baldo Martinez eta Maria Schneider (Oslo Jazz Ensemble)
  • Uztailak 6, osteguna: Brad Melhdau eta Immanuel Wilkins
  • Uztailak 7, ostirala: Kandace Springs eta The Bad Plus
  • Uztailak 8, larunbata: Ariel Bringuez eta Silvia Perez Cruz

Principal Antzokian, jazzik kreatiboena

Bestalde, uztailaren 3tik 8ra bitartean sei kontzertu eskainiko ditu aurten Gasteizko Jazz Jaialdiaren Jazza Antzokian zikloak:

  • Uztailak 3, astelehena: Adrian Royo Trio
  • Uztailak 4, asteartea: Chelsea Carmichael
  • Uztailak 5, asteazkena: Moises P. Sanchez & Marco Mezquida
  • Uztailak 6, osteguna: Samora Pinderhughes
  • Uztailak 7, ostirala: Liberica
  • Uztailak 8, larunbata: Yamandu Costa

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide