Gasteizko Jazzaldirako sarrerak salgai daude jada

Erredakzioa 2023ko mar. 31a, 10:30
Uztailaren 5etik 8ra izango dira Mendizorrotzeko kontzertuak. / Argazkiak: JazzVitoria.com

Uztailaren 3tik 8ra bitartean ospatuko da aurtengo Gasteizko Jazz Jaialdia. Besteak beste Brad Mehldau, Silvia Perez Cruz, Maria Schneider eta The Bad Plus ikusteko sarrera solteak eta abonamenduak eskura daitezke dagoeneko.

Ostiral honetan, martxoaren 31n, 10:00etatik aurrera, hasi Gasteizko Jazz Jaialdiaren 46. ediziorako sarrera solteen eta abonamenduen salmenta, Mendizorrotzeko kontzertuen kasuan; Principal Antzokiko emanaldien programazioa, berriz, laster iragarriko dute.

Jazz zaleek sarrera solteak erosi ahal izango dituzte uztailaren 5etik 8ra bitartean, asteazkenetik larunbatera, egingo den saio bikoitz bakoitzerako, 30 eta 40 euro arteko prezioan. Horrez gain, zortzi kontzertuetarako abonamenduaren prezioa 105 eurokoa izango da, edo, abonu zenbakitua aukeratuz gero (eserleku jakin bat erreserbatuz) 150 eurokoa:

  • Uztailak 5, asteazkena: Baldo Martinez eta Maria Schneider (Oslo Jazz Ensemble)
  • Uztailak 6, osteguna: Brad Melhdau eta Immanuel Wilkins
  • Uztailak 7, ostirala: Kandace Springs eta The Bad Plus
  • Uztailak 8, larunbata: Ariel Bringuez eta Silvia Perez Cruz 

Hilaren 5ean, asteazkenean, hasiera oparia izango du Jazzaldiak, Baldo Martinez kontrabaxu jotzaile galiziarrari agindutako konposizio baten estreinaldiarekin eta Maria Schneiderren zuzendaritzapean arituko den Oslo Jazz Ensemble ospetsuarekin. Bi kontzertuetarako sarreraren prezioa 30 eurokoa da.

Hurrengo egunean, hilaren 6an, ostegunean, Brad Mehldau pianista aparta iritsiko da Gasteizera, bidelagunekin; Larry Grenadier izango du kontrabaxuan eta Jeff Ballard baterian. Saio bikoitza Immanuel Wilkins saxofoi jotzaile eta musikagilearekin osatuko da.

The Bad Plus jazz talde mitikoaren formazio berria izango da protagonista uztailaren 7an, ostiralean, Kandace Springsen ahots bereziak irekiko duen saio batean.

Azken egunak borobilduko du Jazzaldia, Ariel Bringuezen kubatar filinak giro aproposa sortuko du Silvia Perez Cruzen estreinaldirako, larunbata, 8an. Ostegun, ostiral eta larunbateko saio bikoitzetarako sarrerek 40 euroko prezioa dute.

Gazte deskontuak

Publiko gazteenari zabaltzeko asmoz, Jazz Jaialdiaren 46. edizioak deskontuak ezarri ditu Mendizorrotzeko agertokira igoko diren musikari handiekin gozatzeko:

  • 18 urte baino gazteagoak: doan joan ahal izango dira, marketing@jazzvitoria.com helbidera mezu bat bidalita helduentzako sarrera baten eskaera zenbakiarekin, kontzertu berera joateko. Sustapena eguneko 50 sarrerara mugatuko da, eta maiatzaren 31n amaituko da. Hala ere, promoziora sartu ezin badira ere, 18 urtetik beherako guztiek %50eko deskontua izango dute sarreraren prezioan.
  • %20ko deskontuak: Gazte Txartela eta Kutxabank K26 txartel gaztea dutenentzat.
  • 4 urtetik beherakoak: sarrera librea, heldu batekin batera. Horrela, Jazzaldiak familia bateratzea erraztu nahi du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide