Bi hilabete pasatxo falta dira Gasteiz munduko jazzaren hiriburu bihurtzeko Jazz Jaialdiaren 46. edizioarekin. Martxoaren 31tik martxan da sarrera solteen eta abonamenduen salmenta, eta, Mendizorrotzeko kiroldegian izango diren artisten zerrenda itxi ostean, gaur plazaratu dute Principal Antzokiko sei emanaldien programazioa:
- Uztailak 3, astelehena: Adrian Royo Trio
- Uztailak 4, asteartea: Chelsea Carmichael
- Uztailak 5, asteazkena: Moises P. Sanchez & Marco Mezquida
- Uztailak 6, osteguna: Samora Pinderhughes
- Uztailak 7, ostirala: Liberica
- Uztailak 8, larunbata: Yamandu Costa
Jazza Antzokian zikloak egungo jazzik gaurkotu eta kreatiboenaren sorta bikaina eskaintzeko helburua izango du, astelehenetik larunbatera, arratsaldero, Mendizorrotzeko saio bikoitzen aurretik; astelehen eta asteartean 20:30ean, eta asteazkenetik larunbatera 17:30ean.
Uztailak 3 | Adrian Royo Trio
Astelehenean, Adrian Royo Trio taldearen kontzertuak irekiko du zikloa. Adrian Royok, Gasteizko jazz inguruan ezaguna den musikariak, Pangea lehen diskoa kaleratu zuen urte hasieran, Manel Fortia kontrabaxu-jotzaileak eta Gonzalo del Val bateria-jotzaileak lagunduta. Diskoko bederatzi kantak aurkeztuko ditu hirukoteak, inprobisazioan, modern jazzean eta musika garaikidean zehar bidaiatzen duen teknika apartarekin..
Uztailak 4 | Chelsea Carmichael
Chelsea Carmichael saxofonista britainiarraren txanda asteartean izango da, bere formazio propioaren buru itzuliko baita Gasteizera. Aurreko edizioan Theon Crossen taldearen barruan egindako emanaldian publikoa harritu ostean, oraingo honetan konpositore gisa duen alderdia aurkeztuko du, interpretatzeko modu epel eta hipnotiko batekin.
Uztailak 5 | Moises P. Sanchez eta Marco Mezquida
Moises P. Sanchez eta Marco Mezquida gaur egungo piano-jotzaile onenetako bik Va y ven proiektua aurkeztuko dute asteazkenean, hilaren 5ean. Biek osatutako suitea aurkeztuko dute Principal Antzokian. Bi piano eta bi birtuoso aurrez aurre, jotzeko bi modu ezberdinekin.
Uztailak 6 | Samora Pinderhughes
Samora Pinderhughes musikagile, pianista, abeslari, zinemagile eta diziplina anitzeko artista estatubatuarrak dohain guztiak ditu Jazza Antzokian zikloko sorpresa handia izateko uztailaren 6an, ostegunean. Proposamen konprometitu batekin, hizkuntza harmonikotik, jazz klasikotik eta, are gehiago, distortsiotik abiatuta gogoeta egitera gonbidatzen du. Poliziaren indarkeriaren eta espetxeratzearen aurkako aktibismoak entzuleak konbentzitzen dituen ahots goxo eta beroa dakar.
Uztailak 7 | Libérica
Ostiralean, hilaren 7an, Manel Fortiak Libérica proiektua aurkeztuko du. New Yorkeko urperatzearen ondoren, kontrabaxu jotzaile katalana bere sorterrira itzuli da, eta Arrels (sustraiak) lana aurkeztu du. Kataluniako errepertorio tradizionalean barneratzen den lana, jazzaren mekaren eferbeszentzia musikaletik askatu gabe. Taldeak abesti katalana eta flamenkoa bateratzen ditu, jazza hari nagusi gisa hartuta.
Uztailak 8 | Yamandu Costa
Azkenik, larunbatean, uztailaren 8an, Yamandu Costa brasildarrak bere talentu handia erakutsiko du gitarrarekin, Jazza Antzokian zikloari amaiera emango dion kontzertuan. Zazpi sokako instrumentuaren teknika ezin hobearekin, Costak antzinako konposizioak berreskuratu ditu interpretazio berrituarekin, eta gitarrarekiko erabateko grina erakusteko. 2021ean disko instrumental onenaren Grammy Latinoa irabazi zuen Toquinhorekin batera.
Sarrerak eta abonamenduak
Abonamenduak 65 euroko prezioan erosi ahal izango dira astearte honetako, 17:30etik aurrera, www.jazzvitoria.com webgunean zein Principal Antzokiko leihatiletan. Sarrera solteak, berriz, maiatzaren 2an 17:30etik aurrera jarriko dituzte salgai. Gazte Txartela edo Kutxabank K26 dutenek deskontuak izango dituzte, baita 18 urtetik beherakoek ere.
Mendizorrotzeko saio bikoitzak
Bestalde, Gasteizko Jazzaldiaren programazio nagusia uztailaren 5etik 8ra garatuko da Mendizorrotzeko kiroldegiko agertoki nagusian:
- Uztailak 5, asteazkena: Baldo Martinez eta Maria Schneider (Oslo Jazz Ensemble)
- Uztailak 6, osteguna: Brad Melhdau eta Immanuel Wilkins
- Uztailak 7, ostirala: Kandace Springs eta The Bad Plus
- Uztailak 8, larunbata: Ariel Bringuez eta Silvia Perez Cruz