Schneider eta Mehldau datoz

Erredakzioa 2023ko ots. 9a, 07:00

'Data Lords' da Maria Schneider orkestra zuzendariaren azken diskoa, eta dagoeneko hainbat sari irabazi ditu. JEFF DUNN/COMMONS

Maria Schneider orkestra zuzendaria eta Brad Mehldau piano jolea Mendizorrotzean izango dira uztailean, Gasteizko Jazzaldiaren 46. edizioan. Zaletuak zein publiko berriak ase egin nahi dituzte.

Uztailaren 3tik 8ra izango da Gasteizko Jazzaldiaren 46.edizioa, eta, hilabeteak falta diren arren, lehen bi izen handiak ezagutarazi dituzte dagoeneko. Antolakuntzak jakinarazi duenez, Maria Schneider orkestra zuzendaria eta Brad Mehldau piano jolea ikusi eta entzun ahalko dira Mendizorrotzean. Biak ala biak "egungo jazz eszenako b italentu eztabaidaezinak".

Zehazki, uztailaren 5ean, Maria Schneiderrek Data Lords bere azken diskoa aurkeztuko du Mendizorrotzean, eta oholtza gainean Oslo Jazz Ensemble taldekoak izango ditu lagun. Schneiderren azken lan honek hainbat sari jaso ditu, tartean bi Grammy. "Kalitate musikalaz gain, bere konposizioek mezu soziala" dakartela azpimarratu dute antolatzaileek.

Datuen jauntxoak

Disko bikoitzaren titulutik ondorioztatzen denez, "enpresa teknologiko handiek" big datari esker eskuratzen dituzten onura ekonomikoei kritika egiten die musikari estatubatuarrak bere azken lan honetan. 

Uztailaren 6an, Brad Mehldau piano jolearen txanda izango da. Espero izatekoa da Mehldauk bere "nortasun bikoitza" eskainiko duela bertan. "Inprobisatzailearena eta formalistarena", hain zuzen. Inprobisazioek "harridura" eragiten dute, eta ezaguna da musikaren "egitura formalaren exekuzioa" egiterakoan duen abilezia. Azken urteotako joeran sakonduz, "zaletuen fideltasuna sendotu" eta "publiko berriei doinuak" eskaini nahi dizkietela nabarmendu dute antolatzaileek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago