Uztailaren 3tik 8ra bitartean ospatuko da Gasteizko Jazzaldiaren 46. edizioa. Otsailean lehen bi izen handiak —hilaren 5ean Maria Schneider orkestra zuzendaria eta hilaren 6an Brad Mehldau piano jolea— ezagutarazi ostean, hirugarren konfirmazioa iritsi da jada: Silvia Perez Cruzek (Palafrugell, Girona, 1983) itxiko du aurtengo edizioa, uztailaren 8an Mendizorrotzeko kiroldegian eskainiko duen emanaldiarekin.
Abeslari, musikari eta konpositore katalanak, bere estilo pertsonal nahastezinarekin eta ahots ikaragarriarekin, Toda la vida, un día disko berria aurkeztuko du Gasteizen. Azken lan horretako bi single kaleratu ditu dagoeneko, baina gure hiriko Jazzaldian lehen aldiz eskainiko duen kontzertua diskoaren aurkezpenarekin bat etorriko da.
Perez Cruzek berak editatu eta ekoitzi du lana, eta, 2020ko martxoan konposatzen hasi ostean, Buenos Aires, Habana, Coatepec, Bartzelona eta Madril bezalako hainbat hiritan grabatu du. Bide horretan Pepe Habichuela, Carmen Linares, Diego Carrasco eta Carles Benavent flamenko musikarien laguntza izan du, baita Natalia Lafourcade edo Salvador Sobral bezalako beste hainbat musikari handirena ere.
"Bakardadetik sortutako lana da, bakardadea lotzeko asmoz sortua: hortik ahots baten eta gitarra baten intimitatea koruarekin kontrajartzea. Kantu partekatua, niaren disoluzioa, salbazioa. Hemen korua zuek zaretela imajinatzea atsegin dut. Kanta dezagun", azaldu du musikari katalanak.
Prestakuntza eta aitortza zabala
Musika garaikidearen ahotsik ikaragarrienen artean dago Perez Cruz, eta urteotan hainbat musika genero besarkatu ditu, betiere bere estilo pertsonal nahastezinak zeharkatuta. Besteak beste, musika klasikoan ere prestakuntza zabala du, eta jazz kantuan ESMUC Kataluniako Goi Mailako Musika Eskolan lizentziaduna da.
Bere talentuak, proiektuek eta kolaborazioekin duen jarrerak Egungo Musiken 2022ko Sari Nazionala irabaztea ekarri diote, Kultura Ministerioak bere ibilbideko "edertasun eta kalitate sortzaile eta interpretatiboarekin duen konpromiso hautsiezina" aitortu baitzuen iaz. Bestalde, jatorrizko abesti onenaren Goya Saria irabazi zuen 2017an, Eduard Cortesen Cerca de tu casa filmarentzat ondutako Ai, ai, ai konposizioari esker. Horrez gain, 2019an jatorrizko musika onenaren Max Saria lortu zuen Grito Pelao lanarekin.