The Bad Plusek bere formazio berria aurkeztuko du Gasteizko Jazzaldian

Erredakzioa 2023ko mar. 17a, 18:13

The Bad Plus jazz talde mitikoaren formazio berria. / Argazkia: GASTEIZKO JAZZALDIA

Mendizorrotzeko egitaraua osatu du Gasteizko Jazz Jaialdiaren 46. edizioak, The Bad Plus, Immanuel Wilkins, Kandance Springs, Ariel Bringuez eta Baldo Martinezekin.

Uztailaren 3tik 8ra bitartean ospatuko da Gasteizko Jazzaldiaren 46. edizioa. Otsailean lehen bi izen handiak —hilaren 5ean Maria Schneider orkestra zuzendaria eta hilaren 6an Brad Mehldau piano jolea— ezagutarazi eta joan den astean Silvia Perez Cruz —hilaren 8an— aurtengo edizioa ixteko arduraduna izango dela baieztatu ostean, ostiral honetan Mendizorrotzeko kiroldegiko behin betiko programazioa itxi du jaialdiak.

The Bad Plus jazz talde mitikoaren formazio berria uztailaren 7an, ostiralean, aurkeztuko da Mendizorrotzeko kiroldegian. Horrez gain, Immanuel Wilkins saxo jotzaile ospetsua, Kandace Springsen ahotsa, Ariel Bringuezen kubatar filin-a eta Baldo Martinezek Gasteizko Jazzaldirako estreinatuko duen proiektu esklusibo bat ere 46. edizioan izango dira.

Hortaz, uztailaren 5etik 8ra Mendizorrotzean egingo diren saio bikoitzak baieztatuta daude jada. Zortzi kontzertuetarako zenbakigabeko abonuak www.jazzvitoria.com webgunean eskuratu daitezke jada, 105 euroko prezioan. Honela gelditu da egitaraua:

  • Uztailak 5, asteazkena: Baldo Martinez eta Maria Schneider
  • Uztailak 6, osteguna: Brad Melhdau eta Immanuel Wilkins
  • Uztailak 7, ostirala: Kandace Springs eta The Bad Plus
  • Uztailak 8, larunbata: Ariel Bringuez Silvia Perez Cruz 

The Bad Plus eta Kandace Springs

The Bad Plus munduan jarraitzaile gehien dituen jazz taldeetako bat da, bere soinu paregabeagatik eta kontzertu bakoitza esperientzia ahaztezina bihurtzen duen zuzeneko batengatik. Ethan Iverson joan ondoren, taldea berrasmatu egin da, pianoa alde batera utzita eta bi musikari sartuz: Chris Speed saxofoi jotzailea eta Ben Monder gitarrista, Reid Anderson kontrabaxu jotzaile beteranoarekin eta Dave King bateria jotzailearekin primeran trinkotuz. Formazio berriak sinkronizazio magistrala lortu du, bere nortasun ezaugarriei leial jokatuz: generoak batzea eta interpretazio teknikak aparteko musikariekin aztertzea. Irailean kaleratu zuten bandaren hamabosgarren diskoa.

Egun berean, hilaren 7an, Kandace Springsek izango du lehen txanda. Abeslari eta piano-jotzaile iparramerikarrak, bere ahots-erregistro grabearekin, jazzetik soulera mugitzen diren estiloen sorta oso modu pertsonalean interpretatzen du. The Women who raised me 2022ko diskoan, Egungo jazzeko ahots nagusietako bat bihurtu denak bere ibilbidean inspiratu duten emakumeei omenaldia egin die: Billie Holiday, Ella Fitzgerald eta Carmen McRae bezalako ikonoetatik, Nina Simone eta Dusty Springfield bezalako 60ko hamarkadako elezaharretatik igaroz, Sade eta Lauryn Hill bezalako abeslari berriagoetaraino. Uda baino lehen kaleratuko duen disko berriko kantuak ere ez dira faltako.

Immanuel Wilkins

Bestalde, hilaren 6an, Brad Mehldauren kontzertuaren ostean, Immanuel Wilkins saxofoi jotzaile estatubatuar gaztea estreinatuko da Mendizorrotzako agertokian. Filadelfian hazia, New Yorkera Juilliard Schoolen ikastera joan zen, eta, 20 urte besterik ez zituela, bere taldeko burua zen jada. 2020an, Omega diskoarekin Blue Note disketxearekin debutatu zuen, eta The New York Times egunkariak urteko jazz album onena izendatu zuen. Interpretazioaz gain, konpositore gisa nabarmentzen da Wilkins, bebop-etik zein partitura klasikoetatik edaten dakien talentuarekin. Wayne Shorterrek utzi gaituen urtean, badirudi Wilkins saxo altuaren oinordeko duina dela.

Baldo Martinez

Hilaren 5ean, asteazkenean, Baldo Martinezek egingo du Mendizorrotzako kontzertuen inaugurazioa. Kontrabaxu jotzaile galiziarra proiektu esklusibo batekin itzuliko da Gasteizera, hiriko Jazzaldiak karta zuria eman baitio bere musika unibertsoan barrena bidaia gisa pentsatutako konposizio bat garatzeko; folklorerik arkaikoenetik hasi eta inprobisazio askeraino, bere egoerarik garbienean, Europako jazz garaikidean zehar.

Izan ere, Martinezek Musika Imaginarioa lana estreinatuko du Gasteizen, eta konposizio hori interpretatzeko Espainiako zein Portugalgo jazz eszenako sei musikari nabarmenez inguratuko da: Joâo Barradas (akordeoia), Andres Coll (bibrafonoa eta marimba), Julian Sanchez (tronpeta eta fiskornoa), Juan Saiz (saxoak eta flauta) eta Lucia Martinez (bateria eta perkusioa); egun batzuk lehenago, zuzendariarekin elkartuko dira, hiriko jazz airearekin inspiratzeko.

Ariel Bringuez

Jaialdiaren azken egunean, hilaren 8an, Chucho Valdes eta Alejandro Sanzekin batera bi Grammy eskuratu dituen Ariel Bringuezen (Santa Clara, 1982) musika kubatarrak Silvia Perez Cruzen estreinaldirako giro aproposa sortuko du. Saxofoi jotzaile kubatarrak Nostalgia Cubana proiektua aurkeztuko du Gasteizen, intimismoa eta Karibeko uhartearen oroitzapena islatzen dituen boskotearekin. Bringuezek Kubako hainbat eskualdetako musikak batzen ditu, erritmo afrokubatarrez hornitzen ditu, boleroz apaintzen ditu eta kubatar filin-arekin bereizten ditu. Nostalgia kubatarrak 50eko hamarkadako Kubako soinu giroa birsortzea lortzen du, pasioa gizakiaren esentzia gisa etengabe gogorarazten duen errepertorioan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago