Nork hartuko du Arabako hiriburuan Gorka Urtaranek utziko duen aginte makila? Historian lehendabiziko aldiz, alkategai guztiak emakumeak dira: Beatriz Artolazabal (EAJ), Maider Etxebarria (PSE), Rocio Vitero (EH Bildu), Ainhoa Domaika (PP) eta Garbiñe Ruiz (Elkarrekin-Podemos). 200dik gora gizon izan eta gero, beraz, emakumea izango da hurrengo alkatea.
2019ko hauteskundeetan lehen lau alderdien arteko aldea oso txikia izan zen; alderdirik bozkatuena EAJ izan zen, PSE atzetik 3.000 boto baino gutxiagoko aldearekin, ondoren EH Bildu, eta PP atzetik. Nolako emaitzak utziko ditu igande gauak? Ezustekoak izango dira hilaren 28an? Horiek argitu aurretik, alkategaiekin elkartu da ALEA; PPk uko egin dio elkarrizketa eskaintzari. Mugikortasuna, etxebizitza, krisi klimatikoa eta alderdien arteko itunak izan dituzte hizketagai, besteak beste.