PSE-EE

"Mugikortasunak aldaketa garrantzitsu bat behar du"

Anakoz Amenabar 2023ko mai. 26a, 06:00

Berriz ere alkategai aurkeztu da Maider Etxebarria sozialista. / G. Preciado

Inkestek iragarri baino emaitza hobeak izan zituen PSEk aurreko udal hauteskundeetan, eta oraingoan ere ezustekoa izan daitekeela uste du Etxebarriak; mugikortasun plana izango du lehen zereginetako bat. 

Inkestak aldeko ez baditu ere, "itxaropentsu" dago Maider Etxebarria (Gasteiz, 1976), eta "irabaztera" atera dela gogoratu du. Aginte makila eskuratuz gero, besteak beste, Gasteizko  mugikortasun egitasmoei aldaketa "nabarmena" egin nahi diela esan du.

Emaitzak emaitza, maiatzaren 28tik aurrera itunak beharrezkoak izango direla ematen du.

Igandera arte itxarongo dugu. Oso kudeaketa arduratsua erakutsi dugu legegintzaldi honetan, legegintzaldi bereziki latz honetan, eta espero dugu herritarrek hori kontuan izatea, hauteskunde programan aurkeztu ditugun gaiekin eta Espainiako Gobernuak hartu dituen neurriekin batera, eta alderdi sozialistaren alde egitea.

Itunetarako lehentasunik baduzu? 

Herritarrek hitz egin arte, errespetua. Maiatzaren 28tik aurrera erantzungo dugu. Ni irabaztera noa, eta, noski, orain arteko kudeaketan erakutsi moduan, politika aurrerakoiak bultzatzeko gogoz gaude.

Gobernukide izan den EAJren lana nola baloratzen duzu?

Oso legealdi gogorra izan da hau. Pandemiarekin lehentasunak aldatu behar izan ditugu, hiru zutabetan oinarrituta: osasuna, zerbitzu publikoak eta suspertze ekonomikoa. Hortik aurrera, egoera berria izan dela kontuan hartuta, gauzak ondo egiten jakin dugu, eta ez da erraza izan, gutxiengoan dagoen gobernu batean gaudelako, eta EAJrekin gobernatzen.

Nolakoa izan da Gorka Urtararen lana?

Behin eta berriz galdetzen didazue. Nik sozialistek egin dugun balorazioa egiten dut. Urtaranek bere alderdiaren balorazioa izan du.

Ezustea izan da aldaketa?

Harritu nauena da Gorka Urtararen jarraipena den norbait jarri izana alkategai.

Estibaliz Cantok eta Igor Salazarrek ere ez dute zinegotzi sozialista moduan errepikatuko. Nolako lana egin dute?

Lan bikaina egin dute. Legealdi honetako egoera latza kontuan hartuta, jakin izan dute indarguneak erakusten eta kulturaren sektoreari eta merkataritzaren eta enpleguaren sektoreari babesa ematen. Alderdi barruko pertsona garrantzitsuak dira, eta Batzar Nagusietara joango dira, profesionaltasuna erakutsi dutelako.

"Harritu nau EAJ-k Gorka Urtaranen jarraipena den norbait jarri izana alkategai"

Hautatua izanez gero, nabarituko al da gobernantza feministan?

Oztopo askori egin behar izan diegu aurre egoera pertsonal eta profesional honetara iristeko, eta alderdi sozialistak 144 urteko historian ere sobera erakutsi du aurrerapen aurrerakoi handienak ekarri dituen alderdia dela. Eta, jakina, gure kudeaketan balio feministak izan eta bultzatuko ditugu,  enplegu-politika aktiboetan, esate baterako.

Zein politika edo egitasmo aldatu nahiko zenuke legealdi berrian?

Mugikortasunak aldaketa garrantzitsu bat behar du. Biztanleriaren zenbait eremutan atsekabea dago, eta irtenbide bat eman behar zaio. Beste modu batera egin behar ziren gauzak legealdian, eta orain beste era batera egiteko aukera izan nahi dut.

Mugikortasun ordenantza berri bat proposatuko duzu?

Bai, adostasun handiagoak lortzen saiatuko gara, eta, jakina, ordenantza atera behar da, batik bat, oinezkoak babesteko; izan ere, uste dut denok bizi izan dugula ondotik ziztu bizian pasa zaigun patineteren batekin sustoren bat. Egin dezakegun gauza bakarra hori arautzea da, orekatuagoa egon dadin, gatazkarik sor ez dadin eta oinezkoak babesgabe senti ez daitezen.

Etxebizitza da kezka nagusietako bat. Zer proposatzen duzu?

Une honetan, ia 9.000 pertsona daude alokairu sozialeko etxebizitza baten zain, horietatik 2.600 gazte. Akordioak behar dira Jaurlaritzarekin, eta ez oztopoak, legealdi honetan Urtaranek egin duen bezala, 960 etxebizitza eraikitzeko trabak jartzen.

Eraikuntza da bakarrik aukera?

Aukera asko daude. Nik, adibidez, urteak eman ditut Alemanian orain cohousing deitzen dioten sistema batean bizitzen. Formula asko baliozkoak direla uste dut, eta ez da ezer itxi behar.

Zer iruditzen zaizu Errekaleorren proiektua?

Proiektu hori PPren utzikeriaren emaitza da; ostikada bat eman eta beraienak ez diren etxeetan sartzeko ateak irekitzeko aukera utzi zuen. Alderdi sozialistan, ordea, ez gara okupazioaren aldekoak. Kontra nago herritar gehienok gure zergak ordaintzen ditugulako, gure fakturak ordaintzen ditugulako, eta ia hilabete amaierara iritsi ezin direnek ere fakturak ordaintzen dituztelako... Legealdi honetan urratsak egin dira Olarizurekin, eta berriekin jarraituko dugu.

"Errekaleor PPren utzikeriaren emaitza da; urrats berriekin jarraituko dugu"

Principal antzokiko lanak aurrera doaz, atzerapen askoren ostean.

Konpromiso sozialista hori aurreko kanpainan hartu genuen, eta nahi baino motelago joan da, tartean izan dugun pandemia eta krisi energetikoaren ondorioz, baina harro gaude azkenean bere bidea egingo duelako, eta gure harribitxi txikia gorde eta berrituko dugulako.

Iradier Arenan izango dira hurrengo lanak?

Hiriaren erdigunean dagoen erabilera anitzeko gunea da, eta ikusgarritasun eta erabilera gehiago eman nahi dizkiogu. Pandemian zehar, ekitaldi kulturalen bat egin zen sektorearen eskutik, eta oso ondo funtzionatu zuen; Kultura Bizia erreferentea izan zen Espainia osoan, arrakasta eredu izan zen. Eta, hemendik aurrera ere, lanean jarraituko dugu sektore kulturala indartu dadin.

Zein izango da gakoa turismoan?

Funtsezkoa izango da iraunkortasuna. Orain gaualdien marka gainditu dugu, eta horretan eragiten jarraitu behar dugu, bereziki bi esparrutan: Alde Zaharra eta Zabalgunea zaintzen, batetik, eta turismo berde iraunkorra, bestetik.

Hiri erdigunea berpiztea falta...

Ez nago ados. Zentrora etortzen den edonork ikusiko du ostalaritzako lokalak beteta daudela eta denda ugari irekitzen ari direla. Halere, saltokiak bultzatzen jarraituko dugu; ekimenak ditugu prest.

Arazo bat da hautagai gehienek euskaraz ez jakitea?

Errealitate bat da, Gasteizko errealitatea, batzuek gaztelaniaz hobeto dakite eta beste batzuek euskaraz. Nik, halere, azken hiru udak Lazkaoko barnetegian eman ditut erraztasun gehiago lortzeko apustua eginez, ilusio handiz, eta espero dut hurrengo elkarrizketa euskaraz egin ahal izatea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago