ELKARREKIN-PODEMOS

"Indartsu egon behar gara udalean, bertan eragiteko"

Juanma Gallego 2023ko mai. 25a, 06:00

Irabazlea edozein izanik ere, gobernatzeko akordioak beharko direla dio Ruizek. J.G. / ALEA

Publikotasunaren aldeko apustua jarri du erdigunean ezkerreko koalizioak. Ruizen esanetan, zenbakiek gobernatzeko aukera ematen ez badute ere, "ezkerreko politiketan eragiten" jarraituko dute. 

Podemos alderdian militatzen hasi zenean, Garbiñe Ruiz (Gasteiz, 1983) Elkarrekin-Podemos koalizioko hautagaiak ez zuen pentsatu inoiz alkategaia izango zenik. "Ardura eta ilusioz" hartu du erronka, eta eskertu du koalizio osoaren partetik jasotzen ari den babesa.

Zuen programaren ardatzetako bat publikotasuna da. Zergatik horren garrantzia aldagai horri?

Behar-beharrezkoa dela ikusi dugulako. Legegintzaldi honetan zailtasun handiak pasa ditugu. Batez ere pandemiari erreparatzen badiogu, zaintzen krisian ikusi genuen nola arlo publikoa izan zen geratzen zitzaigun bakarra. Gauzak gaizki etorri direnean konturatu da jendea publikoaren garrantziaz. Baina instituzioetatik pixkanaka pribatizazioaren alde egiten ari dira. Funtsean, azpikontratazioen bitartez zerbitzu publikoak desegiten ari dira. Horren ondorioz, enpresen onuren menpe gaude beti. Gasteizen bereziki garrantzitsua da zaintzen arloa. Emakumeen esku egon ohi da, eta, gehienetan, oso baldintza kaxkarretan. Behar dugun eredua hau da: pertsonak zaintzen dituena, baina baita zaintzaileak zaintzen dituena ere. Zaborra da ere ardura asko pizten duen gaia. Lehen eta bigarren mailako auzoak daudela ematen du. Zabalganean, Salburuan, Lakuan edo Alde Zaharrean ere ez dute egiten Dato kalean egiten duten garbiketa berdina. Hirian badago sentimendu bat zabor enpresa publiko bat izateko. Hortaz, horretan gu saiatuko gara publikotasunera jotzen; langileen baldintzak ere hobeak izan daitezen. Hor dago Arantxa Tapiak Gardelegira amiantoa ekartzeko bota zuen ateraldi hori. Baina Gardelegi ez dago horretarako prestatuta, eta, gainera, hamar urte inguruko bizitza geratuko zaio. Horregatik, zero zabor eredura jo behar dugu.

Eta zer proposatzen duzue zero zabor maila horretara iristeko?

Zabor enpresa publikoa baldin bada, kudeaketa hobeto egin ahalko da. Bestetik, badakigu zero zaborrera iristea erronka zaila dela, baina badira egin daitezkeen gauzak. Adibidez, zaborra hobeto kudeatzen duten herritarrak saritzea, organikoa erabiltzen dutenei %10eko deskontua aplikatuz zabor tasan. Eta enpresetan ere eragin behar dugu, askotan jartzen dugulako ardura osoa pertsonetan.  

Aurreko legegintzaldian udal gobernua babestu duzue zenbait kontutan. Prest zaudete berriro egiteko?

Gauza asko aldatzea lortu dugula uste dut. Lortu dugu ezkerreko politiketan eragitea. Hasieran esaten ziguten hainbat gauza ezin zirela egin, eta gero erakutsi dugu posible zela. Adibidez, lortu dugu haur eskolen doakotasuna. Oso polita izan da, maila pertsonalean ere. Nik seme txikiak ditut, eta lehen eskutik ikusi dut zer zaila den kontziliazioa. Baina, horrez gain, garrantzitsua da ere hezkuntza publikoa den aldetik. Eskola publikoak guztiei aukera berdinak ematen dizkigu. Asko negoziatu ostean lortu genuen, baina ez zen erraza izan. Udal gobernuak askotan bere burua zentrokotzat jotzen du, baina argi dago eskuineko gobernua dela. Gero, alderdi sozialista oso eroso sentitzen da gobernuan, baina ez dituzte ezkerreko politikak egiten. Hortaz, gure lana izango da gobernatzen duenari eragitea ezkerreko politikak egin ditzan, Estatu mailan egin dugun modu berdinean.

Madrilen gobernuan egoteak mesede ala kalte egin dio Podemosi?

Jendea konturatu da Unidas-Podemos gobernuan dagoenean bizitza hobeto doakiola. Ikustea besterik ez dago pandemia etorri zenean zer nolako politikak egin ziren. Zer garrantzitsua den babes soziala izatea. Orain etxebizitzaren legea dago, eta baita klima aldaketaren aurkako legea ere. Alderdi sozialistak sarritan gobernatu du, baina azken hiru urte hauetako ibilbidea hor Unidas-Podemos egon izanari zor zaio.

"JENDEA KONTURATU DA PODEMOS GOBERNUAN DAGOENEAN BIZITZA HOBETO DOAKIOLA"

Akordioei begira zer nolako aukerak ikusten dituzue.

Estatu mailan asko gustatzen zaie aritmetika politika, baina hemen ez dago tarte handirik. Zoritxarrez, zenbakiek ez dute mugimendu asko egiteko aukerarik ematen. Ikusten dudan aukera bakarra da gu udalean indartsu egotea, EAJk gehiengoa izan ez dezan, guk bere politikak baldintzatu ahal izateko. Asko hitz egiten da nork irabazi ahal duen, baina hemen berdin dio, gehienetan beste bat beharrezkoa delako gobernatzeko.

Zer proposamen dituzue Gasteizen euskara sustatzeko?

Askotan, konpondu gabeko kontua da hori. Euskara bultzatzearen alde gaude, eta udalak baditu horretarako eskuduntzak. Guk uste dugu udalak eskaini behar diola jende guztiari euskaraz egiteko eskubidea. Baina, horrez gain, jendeari euskarazko klase publiko eta doakoak eskaini behar zaizkio.

Euskaltegi pribatuekin akordioak erdiesteko aukera ikusten duzue?

Hori aukera bat izan daiteke, bai. Udalak baditu hainbat programa euskara indartzeko, baina hobetu daitezke. Kontuan izan behar dugu euskara ikastea oso zaila dela, eta garestia. Horregatik, familiei lagundu behar diegu, ikasketa errazteko. Nik txikitan ikasi nuen, eta ez naiz guztiz ondo moldatzen. Baina, daukazun maila daukazula, ahalegina egin behar da, elkarrizketa hau euskaraz egiten ari garen modu berdinean. Aurreko egunean, ETB-1eko eztabaida batean, ni izan nintzen zerrendaburu bakarra. Bada, horren ondoren jaso nituen hainbat kritika —ez oso politak, egia esanda—, nire euskararekiko. Noski, hoberena eta politena izango litzateke guztiok aritzea Euskaltzaindia moduko maila batean. Baina saiatzea ere oso garrantzitsua dela iruditzen zait.

Etxebizitzarena ere bada askoren ardura. Zelan landuko duzue?

Hutsik dauden etxebizitzen kanona bultzatu dugu; urtarrilean martxan jarriko da. Horrela, espero dugu etxebizitza gehiago alokairura aterako direla. Baina honekin arduraz jardun behar da, baita kanpainan ere. Oroitzen naiz duela lau urte alderdi sozialistak esan zuela gazteentzako 500 etxebizitza egingo zituela. Ondoren, ez dugu ezer ikusi. Orain, berriro, 1.000 egingo dituztela esaten ari dira. Eta EAJk dio 2.000 egingo dituela. Mesedez, honetan, seriotasuna izan behar da. Guk Gasteizen familia zaurgarrientzako 21 etxebizitza lortu ditugu, momentuz. Ez dira asko izango, baina gure konpromisoa da benetako politikak egitea, eta ez kanpainan edozein gauza esan eta gero kaxoi batean uztea. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago