Zerbitzu sozialei lotutako jardunetik politikara igarotzeak "hiriaren gaineko fokua zabaltzeko" aukera eman ziola ekarri du gogora Rocio Vitero (Gasteiz, 1980) EH-Bilduren hautagaiak. Udalera iristean, lehen ikusten zituenak baino "errealitate askoz gehiago" daudela azpimarratu du. Alabaina, proposamenak instituzioetara eramateko orduan dauden traba politikoengatik ezinegona azaldu du ere.
Gobernuan dauden taldeen jarrera zein den, horren araberakoa da askotan oposizioaren jarduna. Zuen kasuan, nolakoa izan da?
Guk hasieratik oposizio arduratsua egin dugu. Zenbait arlotan gobernua bera baino proaktiboagoak izan gara. Pandemia garaian, mugikortasunaren alorrean, aurrekontuetan, arau fiskaletan... etengabean egin ditugu proposamenak. Merkataritza ordenantza bat egin genuen ere. Baina EAJren eta PSEren partetik ez ba batere interesik egon EH Bildurekin akordioetara iristeko. Dena dela, oposizio bezala gobernuaren ildoa markatu dugu.
Nola daramazu kanpaina, arlo pertsonalean?
Une ilusionagarria da. Batetik, kanpaina prestatzeko lana partekatua izan da, bai EH Bilduren oinarriekin zein beste hainbat eragilerekin ere. Adibidez, kultura, hezkuntza edo zerbitzu sozialetako eragileekin landu dugu programa. Orain, eragile horiekin partekatutako proiektua jendeari aurkezteko momentuan gaude, eta hori oso pozgarria da.
Inkestek emaitza onak aurreikusten dituzte zuentzako. Irabazle ateraz gero, zein ate joko duzue aurrena?
Gure jarrera irabaztera ateratzekoa da. Ahalik eta jende gehienarengana iristeko proiektua dugu. Marra gorririk ez dugu, ez itxitako aterik. Beti lortu ditugu akordioak, eta, guretzat, hori osasun demokratikoko kontua da. Mamia duten akordioak eta jendearen beharrei erantzuna emango dieten akordioak baldin badira, irekita gaude. Baina hilaren 29tik aurrera erabaki beharko den zerbait da hori.
"BIOSFERAREN ERRESERBAK HAMALAU UDALERRI HARTUKO LITUZKE; GASTEIZ BARNE"
Espero al zenuten 2023an ETAren komodina kanpainan aterako zutenik?
Ez. Ezagutu dugu zazpi pertsonek esan dutela hautatuak izatekotan ez dutela kargua hartuko, eta erabaki hori errespetatzen dugu. EH Bildutik beti esan dugu lanean jarraituko dugula hain beharrezkoa den bakea eta elkarbizitzaren alde. Ez gara inoiz ahalegindu inori mina sortzen. Egon den zarata mediatikoaren aurrean, eta zenbait sektorek polemika sortzeko izan duten interesen aldean, guk jarraituko dugu hasieratik izan dugun konpromisoan. Jendeak dituen benetako arazoei irtenbideak bilatzen: osasungintzari lotutako itxierez, etxebizitzaz edo egoera ekonomikoaz hizketan. Seguru aski, polemika hau atera dutenen nahia da gai garrantzitsu hauetaz hitz egin ez dadila.
Etxebizitza parke publiko bat proposatu duzue. Zehazki, nola gauzatu nahi duzue?
Arazo handi bat dago horrekin. 9.600 pertsona daude izena emanda Etxebiden, alokairuko etxebizitza eskatzeko. Oro har, eskariaren %90 alokairuari dagokio. Eta udalak baditu horretarako eskumenak. Horregatik, udal etxebizitza plana abiatuko dugu. Udalak dituen etxebizitza guztiak babestutako alokairu sozialera bideratu behar dira. Astean behin, gobernu batzordetik igarotzen da etxebizitza publikoa erosteko aukera. Modu partekatuan egin daiteke hori —beste instituzioekin—, edo modu autonomoan. Birgaitzeak bultzatzea ere ezinbestekoa da. Alde Zaharrari edo gazteei bideratutako planak bideratu daitezke ere. Gure helburua da Gasteizen egiten den eraikuntza berrien %50 joan daitezela alokairura. Onartu berri den etxebizitza lege berriak, gainera, aukera ematen digu marko juridiko bat izateko.
Askotan aipatzen da Amazon tasa bat jartzeko aukera. Ados zaudete halako planteamendu batekin?
Guk aurten merkataritzarako udal ordenantza bat proposatu dugu. Amazon tasa bat alternatiba bat izan daiteke tokian tokiko merkataritza sustatzeko, baina ikusi beharko litzateke zelan garatu, maila juridikoan garapen konplikatua duelako. Adibidez, ez dugu tasa hori banatzaileetara trasladatu nahi. Baina fokua gehiago zabaldu beharra dago. Balioa eman behar zaio merkataritzari. Badira funtzionatzen ari diren komertzioak, baina belaunaldi erreleborik ez dutenak. Bestalde, hutsik dauden lokal asko daude. Beraz, behatoki bat eta merkataritza mahai bat proposatzen ari gara Gasteizko egoera ezagutzeko. Garrantzitsua da, baita ere, ez jartzea arreta soilik erdialdean. Aintzat hartu behar dira gainerako auzoak ere. Adibidez, ni Salburuan bizi naiz, eta duela gutxira arte merkataritzarik ez guenen bertan. Tokiaren arabera ere, neurri zehatzak hartu daitezke.
Zaborren kudeaketa zer ikuspegitik landu nahi duzue?
Organikoen birziklatze tasa oso baxua da hirian, eta Europak markatutako adierazleetara ez gara iristen. Orain unea da herritarrak kontzientziatzeko, eta pedagogia egiteko. Are gehiago, larrialdi klimatiko batean gaudenean.
Gasteiz tartean hartuko lukeen biosferaren erreserba bat planteatu duzue. Posible al da hori?
Anbizio handiko proiektua da, bai; baina bideragarria. Nazio Batuek esaten dute ingurumen erronkari aurre egiteko funtsezkoa dela ere hiriek eraldaketa has dezaten. Erreserbak aukera ematen du garapen ekonomikoa babesteko eta ingurumena zaintzeko. Ikerketa gehiago ekar dezake, eta turismo jasangarria. Erreserba horren barruan ekoizten diren produktuek marka propio bat izan dezakete ere. Hamalau udalerri hartuko lituzke. Gasteizen tamainako hiri bat sartuz gero, erreferentziala izan daiteke hau.
Mugikortasunarena beste klasiko bat da. Zelan helduko diozue horri?
Mugikortasun ordenantza bat egin behar da jasangarria, segurua eta osasungarria izan dadin. Garraiobideak antolatu behar dira, eta bananduta joan behar dute. Bizikletak eta patineteak jaitsi ahal izatea espaloitik galtzadara, modu seguru batean. Erronka handia dago industrialdeetara joateko ere. Horretarako Jundizera tranbia luzatu, anezka zerbitzuak eskaini... eta sarea elektrifikatu, gero eta garraio publiko gehiago izateko. Autoa etxean uzteko, jendeari erraztasunak eman behar zaizkio.