EAJ

"Hiri kosmopolitagoa eta dinamikoagoa nahiko nuke"

Anakoz Amenabar 2023ko mai. 26a, 06:00

Gorka Urtarani lekukoa hartuta, Udalera egin du jauzi Artolazabalek. / A. Amenabar

Aginte makila eskuratzen badu, abian jarriko dituen lehendabiziko zereginen artean mugikortasun ordenantza izango dela esan du Artolazabalek, eta horretarako "gobernu indartsua" beharko duela.   

Gasteizko Udala ez da eszenatoki berria Beatriz Artolazabalentzat (Gasteiz, 1970), zinegotzi moduan izan baitzen oposizioan, Alfonso Alonso alkate zela. Garai "zaila" izan zela gogoratu du, eta oroitzapen "garratzak" ditu, batik bat, ETAren jardun armatuak egunerokoa baldintzatu zuelako. Erronka berria "ilusioz" eta "anbizioz" hartzen duela esan du.

Gorka Urtaran alkateak egin dituenen artetik, zer aukeratuko zenuke?

Dena. Ni kide naizen eta defendatzen dudan EAJren ideal berberak defendatzen ditu, beraz, dena. Egia da lidergo modu desberdinak daudela, eta bakoitzak politikak ikusteko bere modua duela, baina ardatz komun batekin; beraz, estilo desberdin bat izango da nirea, baina ez hobea, ezta okerragoa ere. Etapa batzuk ixten dira, beste batzuk irekitzen dira, eta niri dagokit hiriburuko erakunde garrantzitsu honen lidergoa hartzea, herritarrek hala erabakitzen badute.

Gustatu ez zaizun gauzarik izan da?

Benetan uste dut udaleko bizikidetza hobetzeko gai izan dela, oso egoera politiko gogorrean iritsi baitzen, eta horrek ez zien mesederik egiten ez akordioei, ez proiektuei; elkarrizketa giroa sortzeko gai izan da, eta giro horri esker, sumin hori asko apaldu da, horretaz harro egon behar du.   

Zergatik izan da, zure ustez, erreleboa? Desgastea izan da?

Desgasterik ez. Bizitzan badira hasi eta amaitzen diren proiektuak, eta, une honetan, Gorka Urtaranek gidatutako zortzi urteko bi gobernu handiren ondoren, ziklo bat itxi eta beste bat irekitzen da. EAJren Gasteizko kideek erabaki dute ni naizela errelebo honetarako burua. Errelebo naturala da.

Zertan nahiko zenuke desberdina izan? Zeintzuk lirateke ardatz nagusiak?

Ziurgabetasun une honetan funtsezkoa da ziurtasuna sortzea, funtsezkoa da baliabideak, aberastasuna eta enplegua sortzen duen ekonomia berritzaile bati laguntzea; baliabide horiekin Gasteizek duen ongizate-sistema garrantzitsua hobetzen jarraitzeko gaitasuna izango dugu. Batez ere, ekonomiari eta industriari bultzada emanez nabarituko da hori, zerbitzu publikoak hobetuko dira, betiere kudeaketa zorrotza oinarri.

Gobernu ituna izango al da? Aterik ixten duzu? 

Zalantzarik gabe, ituna egongo da, hiri honetan gobernu sendoa behar baita. Lehenik eta behin, hauteskunde emaitza onak lortu behar dira. PSErekin batera, emaitza positiboak izan dituen koalizio-gobernua izan da, eta, beraz, gobernu indartsu baterako aztertu beharreko formuletako bat izango da. Aldiz, nik ez diot inori aterik ixten. Ez da lerro gorririk, baina premisa argi batekin: giza eskubideen defentsa egin behar du edozein gauzaren gainetik, eta argi eta garbi jokatu behar du defentsa horretan.

"Etorkizun ez oso urrun batean elkarrizketa hau euskaraz egin ahal izatea espero dut"

Uste duzu EAJ nahikoa irmoa izan dela De Miguel auziarekin?

Bai. Erakundeetako erantzukizun karguetatik eta alderdiko ardura politikoetatik ere berehala baztertu zituen EAJk akusatuak. Beraz, uste dut argi eta eredugarri jokatu duela alderdiak.

Kondenatuetako batek, Alfonso Arriolak, Jaurlaritzarentzat lanean jarraitzen du...

Epaia aplikatu baino ez da egin. Arriola gobernuko funtzionarioa da. Ni oso gogorra izan naiz ustelkeriarekin, iraingarria da kargu publikoa defendatzen dugunontzat, interes orokorra defendatzen dugunontzat.

Urtaran mugikortasun ordenantza aurrera ateratzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Berriz saiatuko zara?

Urtaran patineteen eta bizikleten erabilera arautzen saiatu zen, oinezkoentzako segurtasun arazo bat delako, baina udaleko alderdiek ez zuten aztertu ere egin herritarren onurarako zen proposamen hori. Eurek jakingo dute zergatik ez zuten eztabaida hori egin nahi izan, baina nire ustez beharrezkoa da, eta, beraz, gobernu indartsua behar dugu herritarren bizitza hobetuko duten politikak aurrera eramateko. Ordenantza hori lehenengo ekimenetako bat izan beharko da legealdi berrian.

Auzoetatik zer aldatuko zenuke?

Adin desberdineko auzoak ditugu, eta horrek behar ezberdinak dakartza; batez ere, ekipamenduen beharrak edo egin daitezkeen hobekuntzak aztertuko ditugu erantzuna emateko. Auzo bakoitzari irtenbide ezberdina eman behar zaio.

Kexarik heldu zaizu Alde Zaharretik? Nolakoa da bizikidetza?

Uste dut Gasteiz gero eta gizarte anitzagoa dela, gero eta pluralagoa, eta bizikidetza horretan aurrera egin behar dugu. Zenbait unetan, desadostasunak edo zuzendu beharreko egoerak sor daitezke; segurtasun-gabezia duten egoera horiek saihestu behar dira. Segurtasunari lotutako egoerak gertatzen badira, irmo jokatu beharko dugu egiten duenak ordain dezan, baina delitu horiek saihesteko ere lan egin beharko dugu.

"Mugikortasun ordenantza lehenengo ekimenetako bat izango da"

Zuzena izan da udaltzainen jarduna? Hainbat kexa izan dira azken asteotan...

Uste dut udaltzainek modu egokian jokatzen dutela, zorrotz jokatzen dutela lanean, betiere neurriz, gaitz handiagoak saihesteko, batez ere bizilagunei laguntzeko baitaude. Eta uneren batean okerreko jardueraren bat gertatu bada, aztertu eta ebaluatu egin beharko da, baina nik konfiantza dut haiengan.

Zer ekarpen egingo du Gasteiz Antzokiak?

Euskaltzaleok euskal kulturaz gozatu ahal izango dugun lekua izango da Izaskun Arrue. Euskarak, gure ondareak, harrotasunez, hazten jarraituko du han; une honetan Gasteizen erabilera joera ona erakusten duen arren, erabilera gehien handitu duten hirietako bat baita, egia da arriskua duela, edozein hizkuntza gutxituk duen bezala, eta zaindu egin behar dugula.

Deigarria da hautagai gehienek euskara ez jakitea.

Nik euskara ikasten jarraitzeko erronka dut, euskaraz erraz komunikatzeko erronka. Nire aita-hizkuntza da, eta handicap bat dut hor, baina euskara ikasten jarraitzen dut, eta etorkizun ez oso urrun batean elkarrizketa hau euskaraz egin ahal izatea espero dut.

Nola irudikatzen duzu Gasteiz lau urte barru? 

Hiri kosmopolitagoa eta dinamikoagoa nahiko nuke, eta nazioartera zabalik, horretan erronka bat dugula uste dut, eta egitasmoak baditugu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago