Arabako Errioxa

Aldaba jo dute Oionen

Erredakzioa 2023ko mai. 29a, 00:12

Oionen EH Bilduk hiru eserleku irabazi ditu. / EH BILDU

Herri mugakidean EH Bilduk alkatetza kenduko dio EAJri. Guardian eta Bastidan PPren hautagaiek bozkatuenak izaten jarraitu dute, baina popularrek Navaridas galdu dute. 

Oionen, Bildu aise nagusitu da oraingoan, bost eserleku lortuta. Gorakada nabarmena izan da, 2019an eskuratutako bi zinegotzien aldean. Seguruenera Jose Manuel Villanuevaren esku egongo da, beraz, bertako alkatetza, gehiengo osoa izateko eserleku batera geratu den arren. Eduardo Terrobak (EAJ) politikatik erretiroa hartu ostean, Jose Antonio Tarragonak zuen kargua berritzeko erronka, baina jeltzaleek zinegotzi bat galdu dute.

Samaniegon EH Bilduk alkatetza berritu du, zinegotzi bat gehituta. Maria Pilar Garmendiak, beraz, lau urtez bederen aginte makila mantenduko du.

Bastidan duela lau urteko emaitzak errepikatu dira, eserlekuei dagokienez. Bertan PP izan da zerrenda bozkatuena, lau zinegotzirekin. Hortaz, EAJk eta EH Bilduk hitzarmena berrituz gero, egoera bere horretan mantendu zitekeen legegintzaldi berrian ere.

Egoera berdinetan zegoen Guardia, baina oraingoan zenbaketak ez dira horren errazak izango: Cesar Garcia De Olanoren hautagaitzak eserleku bat irabazi du PPren mesedean, lau zinegotzi eskuratuta. Orain arte gobernuan egon diren EAJ eta EH Bildu hurrenez hurren hiru eta bi zinegotzirekin mantenduko dira, eta PSE-EEk zeukan bakarra galdu du. Teorian, bederen, paktua errepikatu ahalko lukete, baina ikusteko dago Raul Garcia Ezquerrok lurraldeko alkate gazteena izaten jarraituko duen. 

Navaridasen, Miguel Angel Fernandezek ez du alkatetza berrituko, PPk bi eserleku baino ez dituelako eskuratu, EAJk lortutako hiru zinegotzien aldean.

Alabaina, Alderdi Popularraren beste gotorleku batean, Mañuetan, Francisco Javier Garcia Perez de Loza agintean mantenduko da, 1999tik egin duen modu berdinean. 

Talde independenteek mantendu dituzte Lapuebla de Labarcan eta Eltziegon zituzten alkatetzak, Lapuebla Avanza eta Zieko Bai berriro ere garaile atera baitira.

Elvillarren eta Kripanen EAJren nagusitasunak erabatekoa izaten jarraituko du, eta Ekoran, Lezan, Lantziegon, Villabuenan eta Moredan ere alkatetzak mantenduko bide dituzte. Azken herri honetan EH Bilduk aurrenekoz zinegotzia eskuratu du, bai eta Lantziegon ere.

GRAFIKOAK

ARABAKO ERRIOXA

BASTIDA

EKORA

ELTZIEGO

ELVILLAR

GUARDIA

KRIPAN

LAPUEBLA DE LABARCA

LANTZIEGO

LEZA

MAÑUETA

MOREDA

NAVARIDAS

OION

SAMANIEGO

VILLABUENA


Udal hauteskundeen emaitzak

Arabako foru hauteskundeen emaitzak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago