Vianan eta Arabako Errioxan ere, "22. tantoa"

Erredakzioa 2022ko api. 10a, 13:25

Vianako eta Arabako Errioxako Korrika egin dute larunbat honetan, eta Guardian izandako jai batekin amaitu dute ekimena.

Goizetik eta gauera arteko ospakizuna izan dute Vianako eta Arabako Errioxako euskaltzaleek, larunbat honetan egin baitute bertako Korrika berezia. Hirugarren aldia izan da eskualdean Korrika propioa egiten dutena, Korrika nagusiaren ohiko ibilbidetik kanpo geratu izanagatik ez dutelako nahi izan euskararen aldeko aldarria isilpean geratzea hitzordu garrantzitsuaren bueltan. Aurten desberdina izan da, gainera, Korrika nagusiaren antolatzaileekin batera elkarlanean aritu direlako.

Vianatik eta Bastidatik zutabe bana atera dira goizean, eta, eskualdea zeharkatu ostean, biek topo egin dute Guardian. Bertan egin dute ere egunari amaiera emateko ospakizuna, eta Korrikaren mezua irakurri dute.

Bertan jaso dutenez, Korrikak suposatu duen partidatik "ezin ziren geratu" Vianan eta Arabako Errioxan. "Partida irabazteko jokatu behar den 22. tantoa guk ere jokatu nahi genuen. Eta halaxe, 22. Korrikarekin elkarlanean, eskualde honetako herritar, udal, ikastetxe, kirol elkarte, aisialdi elkarte, euskaltegi, dantza talde, enpresa, bodega, denda, taberna eta abarrek Vianako eta Arabako Errioxako Korrika gauzatu dugu".

Orain arte egindako lana nabarmendu nahi izan dute, baina gogora ekarri dute lan handia geratzen dela aurrean. "Herritarren ekinari esker lortu da eskualde honetan ia euskaldunik ez egotetik oraingo ezagutza kopuruetara iristea, baina argi dago ez dela nahikoa: "ekinean" jarraitu behar dugu "hitzak" gure mingainetara iritsi daitezen, "hitzekin", hitz eginez, euskara erabiliz lortuko baitugu euskarak irautea, euskararen etorkizuna bermatzea".

Ttiki-Ttaka elkarteko kide Andoni Lasa oso gustura azaldu da ekimenak lortutako "arrakastarekin". Atzo bizi izandako "ahaztezina" izango dela azpimarratu du. "Goizetik hasi eta gaueko ordu txikiak arte parte hartze itzela" izan dela adierazi du. "Herri guztietan parte hartze polita izan zuen Korrikak, eta Biasteriko arratsaldeko ekintzek eta gaueko kontzertuek ere horixe izan zuten: jendetza".

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago