Aurtengo hitzorduan, Korrika ofiziala ez da Arabako Errioxatik pasako, baina, azken urteotako tradizioari jarraiki, bertako euskaldunek ez dute Korrikarik gabe geratu nahi izan: Vianako eta Arabako Errioxako Korrika antolatu dute bertako euskaltzaleek, hirugarrenez.
Ofiziala agian ez, baina aurtengoa inoiz baino gehiago hurbilduko da ohiko Korrikara. Izan ere, aurrenekoz, AEKrekin elkarlanean antolatu dute hitzordua: apirilaren 9an ospatuko dute egun nagusia.
Horrela, aurten kilometroak markatzeko kartelak Korrikarenak izango dira, eta baita petoak ere. Alabaina, informazio hau idazterakoan 50 bat peto jaso dituzten arren, oraindik ere kilometro guztiak betetzeko eta ekimena finantzatzeko behar dituzten peto guztiak ez dituztela jaso azaldu du Ttiki-Ttaka elkarteko kide Andoni Landak. Antza, hornikuntza kateetako arazoak petoen mundura iritsi dira: kamioilarien greba dela eta, hainbat arazo izan dituzte materialak jasotzeko. "Tira, garaiz iristen ez badira, moldatu beharko gara, paperezkoak edo beste mota batekoak egiteko", aurreratu du Landak.
Ikastetxeak dituzten herrietan ere Korrika txikiak egingo dituzte
Ohi bezala, bi zutabetan antolatu dute ekimena, eskualdearen geografiari jarraiki. Mendebaldetik, zutabe bat abiatuko da Bastidatik. Ekialdetik, berriz, bigarren bat Vianatik aterako da. Biek topo egingo dute Guardian, 17:30ak aldera, eta ondoren, eguneko jai nagusiari ekingo diote.
Guardian egingo duten festarako azken prestakizunekin ari dira orain. Herrian bertan umeentzako tailerrak izango dituzte: besteak beste, txikienek eskulanak eta herri kirolak egin ahal izango dituzte. Modu berean, trikitilari eta txistulariekin girotuko dituzte kaleak. Herriaren kanpo aldean dagoen pilotalekuan, berriz, Txandrio elkarteko bertsolariak izango dira, eta bertan irakurriko dute aurtengo manifestua ere.
Korrika txikiak
Agertoki horretan bertan musika ez da faltako: Dupla, Astoratuak, Eh Mertxe! eta Azken Hatsa izango dira oholtza gainean. "Txosna bat egongo da edari eta pitxoekin, eta bertako upategiek ere hitzeman digute urteko ardoa ekarriko dutela", iragarri du Landak.
Ikastetxeak dituzten herrietan Korrika txikiak antolatu dituzte hilaren 8an: Bastidan, Guardian, Lapuebla de Labarcan, Lantziegon, Oionen eta Vianan. Aurretik ere beste zenbait ekimen egin dituzte. Kasurako, Ttiki-Ttakak urtero antolatzen duen Laburbira Korrikarekin lotu zuten martxoaren 24an, eta pintxo potearekin amaitu zuten egun hori. Paganosen ere, buru-belarri ibili dira, herria behar bezala atonduz.
Bertako euskaltzaleek ahalegin guztiak larunbatean jarrita badituzte ere, euskararena ibilbide luzeko lasterketa dela jakitun dira. Horregatik, "2024an Korrika izateaz gain, 2026an eta 2028an ere" eskualdetik igaroko den itxaropena agertu dute.