Eskarien jaitsiera argudiatuz Michelinek iragarritako plantilla murrizketa, azkenik, txanda-kontratuen, mugikortasun geografikorako neurrien eta pizgarridun bajen bidez gauzatuko da, 3.500 langile inguru dituen fabrikako plantilla murriztu eta 150 lanpostu ezabatzeko. Astearte honetan enpresa batzordearen gehiengoak (CCOO, UGT eta CSIF) zuzendaritzaren proposamena onartu du. Guztira, aldeko hamabi boto, kontrako bederatzi, bi abstentzio eta lau absentzia izan dira.
Bitartean, ELA, LAB eta ESK sindikatuek osatutako blokeak "antzerki tamalgarria" salatu du, 150 langileen "soberakina" gezurtatuz; hiru sindikatuek eta CGTk proposamenaren kontra bozkatu dute, eta CCM, berriz, abstenitu da.
Txanda-kontratuak 1962. urtean jaiotako langileetara zabalduko dira, erretiroa hartu arte lanaldiaren %20 mantenduz. Halaber, Frantziako multinazionalak mugikortasun funtzionala bultzatuko du Gasteizko fabrikaren barruan, bai eta borondatezko mugikortasun geografikoa ere, Espainiako Estatuan eta Portugalen langile gehiago hartzeko aukera duten lantegietara.
Azkenik, Michelingo zuzendaritzaren proposamenaren arabera, borondatez lanpostua utzi nahi duten langileek 33 eguneko kalte-ordaina jasoko dute lan egindako urte bakoitzeko; gehienez, 18 hileko soldata edo 75.000 euro.
Langileek urtarrilaren 15era arteko epea dute proposatutako neurriekin bat egin ahal izateko. Eta zuzendaritzak, bere aldetik, datozen sei hilabeteetan ekoizpenarekin lotutako arrazoiengatik langilerik ez kaleratzeko konpromisoa hartu du. Kaleratzeen inguruko akordioarekin batera, 2024ko egutegia zehaztu dute zuzendaritzak eta langileen ordezkariek.
Sindikatuen artean, bi bloke
UGT sindikatuak ospatu du "ez dela irteera traumatikorik gertatuko", eta "konfrontazioaren eta mehatxuen aurrean, elkarrizketa eta negoziazioa" aldarrikatu ditu irtenbide gisa. Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiak "albiste on eta garrantzitsutzat" jo du zuzendaritzaren eta langileen batzordearen arteko akordioa.
Baina sindikatu guztiak ez daude ados erabakiarekin, ELA, LAB eta ESK sindikatuek ohar bateratu batean atzo adierazi zutenez: "Gaur egun, enpresak ez du 150 pertsona soberan daudela argudiatzen duen dokumentu bakar bat ere jarri mahai gainean, baieztapenetatik harago. Ez eskaera jaitsierei, ez kantzelazioei, ez aurreikuspenei, ez eta abarrei buruzko txostenik. Are gehiago, sistema aldaketekin, pertsona asko urtean 164 eta 237 ordu gehiago lan egitera igaroko dira".
Euskal sindikatuek "zentzugabekeria geldiaraztera" deitu dute, eta "hartu beharreko ekintza judizialak eta sindikalak" iragarri dituzte. "Orain inola ere justifikatu ez diren arrazoi batzuk onartzeak atea irekitzen du etorkizunean arrazoi berberekin enpresak antzeko neurriak hartu ahal izateko, batzordea babesik gabe utzita", kritikatu dute. "Lanpostuak suntsitzeaz ari gara, horrek dakarren guztiarekin, nahi duten bezala makillatu nahi badute ere. Behar beste aldiz errepikatuko dugu: Michelinen ez dago inor soberan".