LAB sindikatuak Gasteizko Michelinek azken urtean izan duen "bilakaera autoritarioa" salatu du, eta azaldu du enpresak zigorren mailaketa igo duela, eta gaur egun larriak eta oso larriak direla jartzen diren zigor gehienak. Zigorren kopurua bera ere handitu egin dela gaineratu du.
"2023an diziplinazko 13 kaleratze izan dira. Urtarriletik ekainera bitartean hiru kaleratze egin ziren, eta ekaineko grebetatik aurrera beste 10 pertsonari egin diete hori bera. Guztiak grebetan parte hartu zuten pertsonak dira", salatu du sindikatuak. LABek azaldu du "langileak beldurtzeko" helburua duen estrategiari erantzuten diotela aipatu kaleratzeek.
Halaber, "beldurtzeko" estrategia horren barruan kokatu du LABek Michelingo zuzendaritzak Gasteizko fabrikarekiko konfiantza galdu duela esateak. "Gertakari hauek Gasteizko lantegia lantokien arteko batzordetik ateratzeko erabakiarekin lotuta daude. Lantokien arteko batzordean enpresa oso eroso zegoen, estatu mailako zenbakiak hobeak baitziren bere interesetarako".