Michelinek Espainiako Estatuan dituen fabriketako enpresa batzordeak —Lasarte-Oriakoa izan ezik— biltzen dituen zentroen arteko batzordetik irtetea ala bertan jarraitzea bozkatu dute Gasteizko langileek azken egunetan. Joan den astean, bozketaren atarian, multinazional frantsesak iragarri zuen ekoizpena murriztuko duela Arabako lantegian, bertako plantillarekiko "konfiantza faltagatik".
Irteerara bultzatu duten ELA, LAB eta ESK sindikatuen ustez —UGT, CCOO eta CSIF sindikatuak irteeraren aurka daude—, enpresaren iragarpena langileak "beldurtzeko modu bat" eta "emaitza baldintzatzeko saiakera" baino ez zen. Eta astearte honetan ezagutu da erreferendumaren emaitza: fabrikako 3.443 langileetatik, 2.405ek bozkatu dute (%69,85); horietatik, 1.237 irteeraren alde daude (%51,43) eta 1.143 kontra (%47,52).
Hortaz, Gasteizko langileen batzordea zentroen arteko batzordetik aterako da laster, datozen egunetan horretarako mekanismoak martxan jarriz. "Michelinen lan egiten duten pertsonek euren lan baldintzak hemen negoziatuko dituzte", ospatu du LAB sindikatuak, langileak zorionduz.
Aldarrikapen historikoa
LAB sindikatuak urteak daramatza Gasteizko lantegiko lan baldintzak bertan negoziatu behar direla aldarrikatzen, eta ekainean egindako lau greba egunen testuinguruan ere eskakizun hori berretsi zuen. Arabako langileen gehiengoak hitzarmen proposamenari ezezkoa eman zion, baina estatu mailako erabakia ezarri zuen zuzendaritzak.
"Azken hitzarmenari buruzko bozketan [ekainean] ere argi geratu zen langileek uko egin ziotela, baina bertako eremutik kanpo hartutako erabakiak ezarri zituzten. Gasteizko langileok mobilizatu egin ginen, grebak egin genituen hitzarmenak aldarrikapen garrantzitsuak jaso zitzan, hala nola igoerak KPIarekin lotzea, baina multinazionalaren zuzendaritzak zentroen artekoa erabili zuen borroka eta aspirazioak geldiarazteko".
"Orain, Gasteizko lantegian lan egiten duten pertsonak izango dira beren lan baldintzak nola arautzen diren erabakiko dutenak, eta ez zentroen arteko batzorde bat, non Arabako lan zentroaren errealitatea indargabetuta geratzen den enpresaren aldeko gehiengoekin", azaldu du LABek. "Hemen lan egin, hemen erabaki aldarrikapena bultzatzen jarraituko dugu. Orain inork ezingo du aitzakiarik jarri plantillaren eskakizunei ez erantzuteko".
"Markoa hautsi"
ELA sindikatua ere "pozik" agertu da emaitzarekin, eta horrek "estatu mailako negoziazio markoa hautsi" egin duela ospatu du: "Erreferendumak agerian utzi du Gasteizko Michelingo lantegiak hemen negoziatu nahi duela eta negoziatu behar duela bere hitzarmena". Sindikatuaren ustez, "lehen urratsa baino ez da lan baldintza hobeak bilatzeko eta eskubideak berreskuratzeko".
Halaber, zuzendaritzak jarritako "trabak" salatu ditu, ez baitu baimendu lanaldiaren barruan bozkatu ahal izatea: "Ondorioz, erreferendumean parte hartu duten pertsonek ahalegina egin behar izan dute lan ordutegietatik kanpo botoa emateko".