Astearte honetan, Michelin enpresa multinazional frantsesak langileen batzordeari jakinarazi dionez, Gasteizko fabrikaren lan karga aldatuko da urte amaiera bitartean. Zehazki, Arabako lantegiak 2.000 tona gurpil gutxiago ekoitziko ditu, bi arrazoi nagusirengatik: alde batetik, eskariak jaitsi dira; bestetik, Gasteizko plantarekiko "konfiantza galdu" omen du taldeak.
Ekoizpena jaistearen ondorioz, lantegian ez da jarduerarik izango asteburuetan gaueko eta goizeko txandetan, ezta jaiegunetan zein Konstituzioaren zubian ere. Lanaldiaren murrizketa horrek 1.350 langile ingururi eragingo die.
Antza denez, taldeak konfiantza galdu izanak zerikusia du ekainean hitzarmenaren negoziazioetan Araban piztutako gatazkarekin. Greba eta mobilizazio gogorren ostean, Michelingo Gasteizko plantillak ezezkoa eman zion hitzarmen proposamenari: langileen %89k parte hartu zuen erreferendumean, eta emaitza aurkako 2.006 botokoa (%65) eta aldeko 1.093koa (%35) izan zen; Aranda de Duero eta Valladolideko lantegietan (Gaztela-Leon) ere egin zuten erreferenduma, baina baiezkoaren aldeko apustua egin zuten bertako langileek.
Gainera, Gasteizko plantillak zentroen arteko batzordearen irteera bozkatuko du egunotan, erreferendum bidez. Sindikatuen ustez, enpresaren iragarpena langileak "beldurtzeko modu bat" da. Une honetan, ELA eta LAB sindikatuak daude irteeraren alde, Gasteizko plantillarentzako zenbait hobekuntza negoziatzeko aukera legokeela iritzita; UGT eta CCOO, berriz, batzordean geratzearen alde daude, "elkarrekin joateak langileei indarra" ematen diela iritzita.