Michelinek Gasteizen duen lantegiko zuzendaritzak gaur jakinarazi dio enpresa batzordeari 3.500 langileetatik 150 kaleratuko dituela, "ekoizpen aurreikuspen txarrengatik". Lasarteko lantegian, halaber, beste 26 izango dira.
Hurrengo urterako lan egutegia finkatzeko bilera egin ondoren, fabrikak jakinarazi du lan karga "20 urtean izan den baxuena" dela. Hori dela eta, hainbat "doikuntza-neurri" iragarri dituzte. Batetik, zenbait lan ordutegi aldatuko dituzte, eta horrek 650 langileri eragingo die. Bestetik, 150 langile kaleratuko dituzte. Hirugarren neurriak aurreikusitako inbertsioei eragingo die, 225 milioi eurotik 150 milioi eurora murriztuko dira, hau da, 75 milioi euro gutxiago.
Plantillaren egokitzapen horren harira, sindikatuak Frantziako taldearekin kaleratzeak negoziatzen saiatuko direla azaldu dute, horien eragina gutxitzeko, borondatezko irteerak, erretiroak edo bestelako bajak pizgarrien bidez sustatuta.