Joan den ostegunean, ekainaren 28an, Ramiro Gonzalez diputatu nagusi izendatu zuten Arabako Batzar Nagusiek, hirugarrenez. Eta astearte honetan ofizialki eratu da Arabako foru gobernu berria, Probintzia Jauregian. Diputatu nagusiak ongietorria eman die foru diputatu berriei, aurreko gobernu taldeak hasitako lanarekin jarraitzeko erronka esleituz: "Lurraldearen eraldaketa eta arabarrentzako onena bilatzea", agindu du Gonzalezek.
Gaurtik aurrera, sei emakume eta hiru gizon izango ditu parean diputatu nagusiak, "ekonomiaren eraldaketan aurrera egiten, gizarte politikak indartzen eta lurralde orekan aurrera egiten" laguntzeko. Ramiro Gonzalez jeltzaleaz gain, EAJk beste sei diputatu izango ditu gobernuan; PSEk, berriz, hiru. Bi alderdiek koalizio gobernua osatuko dute, 2015etik egin duten bezala.
Gobernu talde berriaren nobedade nagusia Gorka Urtaran Gasteizko alkate ohiaren presentzia izango da, Gizarte Politiketako foru diputatu gisa. Nolanahi ere, honako pertsona hauek beteko dituzte Arabako Foru Aldundiaren goi-karguak:
- Ramiro Gonzalez Vicente (EAJ): Arabako Diputatu Nagusia.
- Cristina Gonzalez Calvar (PSE): Lehen diputatu nagusiordea eta Enplegu, Merkataritza Turismo eta Foru Administrazio foru diputatua.
- Itziar Gonzalo de Zuazo (EAJ): Bigarren diputatu nagusiordea eta Ogasun, Finantza eta Aurrekontuetako foru diputatua.
- Jone Berriozabal Boveda (EAJ): Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatua.
- Saray Zarate Fernandez de Landa (EAJ): Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako foru diputatua.
- Gorka Urtaran Agirre (EAJ): Gizarte Politiketako foru diputatua.
- Anartz Gorrotxategi Elorriaga (EAJ): Lurralde Orekako eta Lurralde Antolaketako foru diputatua.
- Jon Nogales Prieto (PSE): Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatua.
- Amaia Barredo Martin (EAJ): Iraunkortasuneko, Nekazaritzako eta Natura Inguruneko foru diputatua.
- Ana del Val Sancho (PSE): Kultura eta Kiroletako foru diputatua.
Urtaran, Gizarte Politiketako diputatua
Joan den ostiralean ezagutarazitako gobernu berriko izendapenen artean, Gorka Urtaranena izan da ezustekorik handiena. Gasteizko alkatetza (2015-2023) utzi ostean, foru gobernuan garrantzi handienetako sail bat hartuko du: Gizarte Politiketako Saila, orain arte karguan izandako Emilio Solaren lekukoa hartuta.
Besteak beste, zaintza sistemaren eraldaketa eta Arabako egoitza pribatuetako lehen hitzarmen probintzialaren afera izango dira Urtaranen kargu berriaren erronka nagusiak. Izan ere, sektore horretako langileek grebara jo dute berriz ere, aste honetako ostegun eta ostiralean. Inbestidura saioan, Ramiro Gonzalezek "erantzukizun publikoko plaza gehiago, prestazio hobeak eta zaintza eredu berriaren ezarpena" agindu zituen, besteak beste.
Foru gobernua utzi dutenak
Gobernu berriaren eraketarekin batera, azken lau urteetan foru diputatu izandako hainbat lagunek kargua utziko dute oraingoan:
- Pilar Garcia Salazar: Bigarren ahaldun nagusiordea.
- Eduardo Aginako: Nekazaritza Saileko diputatua.
- Josean Galera: Ingurumen Saileko diputatua.
- Emilio Sola: Gizarte Politiketako Saileko diputatua.
Saray Zarate, udaletik aldundira
Bestalde, Saray Zaratek (EAJ) Gasteizko Udala utzi behar izan du Ramiro Gonzalezen gobernuaren parte izateko. Duela bi aste Kultura zinegotzi izendatu zuten Maider Etxebarria alkatearen udal gobernu berrian. Hala ere, azkenean Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntza Sailaz arduratuko da Diputazioan. Orain arte Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaria izandako Sonia Diaz de Corcuerak ordeztu du Zarate; zazpigarrena izan zen EAJren Gasteizko zerrendetan.