Atzo, ostegunean, martxan jarri zen Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiaren hirugarren agintaldia, EAJ eta PSEren aldeko botoekin. Bi alderdiek koalizio gobernua osatuko dute, 2015etik egin duten bezala, eta gaur goizean, ostiralean, foru gobernuaren sailen banaketa aurkeztu du Aldundiak.
EAJk sei sail zuzenduko ditu, eta PSE-EEk beste hiru. Honako pertsona hauek osatuko dute foru gobernu berria:
- Ramiro Gonzalez Vicente (EAJ): Arabako Diputatu Nagusia.
- Cristina Gonzalez Calvar (PSE): Lehen diputatu nagusiordea eta Enplegu, Merkataritza Turismo eta Foru Administrazio foru diputatua.
- Itziar Gonzalo de Zuazo (EAJ): Bigarren diputatu nagusiordea eta Ogasun, Finantza eta Aurrekontuetako foru diputatua.
- Jone Berriozabal Boveda (EAJ): Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatua.
- Saray Zarate Fernandez de Landa (EAJ): Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako diputatua.
- Gorka Urtaran Agirre (EAJ): Gizarte Politiketako foru diputatua.
- Anartz Gorrotxategi Elorriaga (EAJ): Lurralde Orekako eta Lurralde Antolaketako foru diputatua.
- Jon Nogales Prieto (PSE): Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren foru diputatua.
- Amaia Barredo Martin (EAJ): Iraunkortasuneko, Nekazaritzako eta Natura Inguruneko diputatua.
- Ana del Val Sancho (PSE): Kultura eta Kiroletako foru diputatua.
Urtaran, Gizarte Politiketako diputatua
Gobernu berriko izendapenen artean, Gorka Urtaranena izan da ezustekorik handiena. Gasteizko alkatetza (2015-2023) utzi ostean, foru gobernuan garrantzi handienetako sail bat hartuko du: Gizarte Politiketako Saila, orain arte karguan izandako Emilio Solaren lekukoa hartuta.
Besteak beste, zaintza sistemaren eraldaketa eta Arabako egoitza pribatuetako lehen hitzarmen probintzialaren afera izango dira Urtaranen kargu berriaren erronka nagusiak. Izan ere, sektore horretako langileek grebara jo dute berriz ere, aste honetako ostegun eta ostiralean. Inbestidura saioan, Ramiro Gonzalezek "erantzukizun publikoko plaza gehiago, prestazio hobeak eta zaintza eredu berriaren ezarpena" agindu zituen, besteak beste.
Foru gobernua uzten dutenak
Gobernu berriaren eraketarekin batera, azken lau urteetan foru diputatu izandako hainbat lagunek kargua utziko dute oraingoan:
- Pilar Garcia Salazar: Bigarren ahaldun nagusiordea.
- Eduardo Aginako: Nekazaritza Saileko diputatua.
- Josean Galera: Ingurumen Saileko diputatua.
- Emilio Sola: Gizarte Politiketako Saileko diputatua.
Saray Zarate, udaletik aldundira
Bestalde, Saray Zaratek (EAJ) Gasteizko Udala utzi beharko du Ramiro Gonzalezen gobernuaren parte izateko. Duela astebete Kultura zinegotzi izendatu zuten Maider Etxebarria alkatearen udal gobernu berrian. Orain, ordea, Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntza Sailaz arduratuko da Diputazioan.
Beste pertsona batek hartu beharko du orain Zarateren eserlekua udalbatzan, baita Kultura zinegotziaren kargua ere. Hainbat iturriren arabera, Sonia Diaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako egungo Trafiko zuzendaria edo Nora Beltran de Otalora (zortzigarrena EAJren zerrendetan) dira mahai gainean dauden izenetako batzuk.