Maiatzaren 28ko foru hauteskundeetan, EAJk eta PSEk gehiengo osoa galdu zuten Arabako Batzar Nagusietan, 12.000 boto inguruko jaitsieraren ondorioz. 2019-2023 legegintzaldian 27 batzarkide zituzten bien artean, eta 2023-2027 legegintzaldian, berriz, 24 baino ez dituzte izango; guztira, 51 batzarkide daude, eta 26 batzarkide behar dira gehiengo osoa osatzeko.
Hala ere, bi alderdiek Arabako Foru Aldundirako adostutako gobernagarritasun akordioak Ramiro Gonzalez jeltzalearen hirugarren agintaldia bermatuko du datozen lau urteetan, baita 2015etik boterean dagoen koaliziozko foru gobernua ere.
Ekainaren 17an Maider Etxebarria sozialista Gasteizko alkate izendatu ostean, eta hilaren 19an Irma Basterra Batzar Nagusietako presidente izendatu ostean, EAJk eta PSEk astearte honetan aurkeztu dute foru gobernurako akordioa, agerraldi batean. Ramiro Gonzalez diputatugai nagusiarekin batera izan dira bi alderdietako lurralde arduradunak, Jose Antonio Suso EAJren ABBko presidentea eta Cristina Gonzalez PSEren Arabako idazkari nagusia. Ostegunean izango da inbestidura saioa.
Oraingoz proiektu zehatzik adostu edo sailen banaketari buruzko informaziorik eman ez duten arren, foru gobernuaren lan ildo nagusiak hitzartu dituzte bi alderdiek: eraldaketa ekonomiko eta industriala, zaintza sistema, planetarekiko konpromisoa eta elkarlaneko gobernantza. Gainera, akordioaren arabera, fiskalitatearen erreforma, automobilgintza industriaren birmoldaketa eta energia berriztagarriak hedatzea izango dira legegintzaldi honetako erronka nagusietako batzuk, baita "kalitatezko enplegu gehiago sortzea" ere.
Hori bai, oposizioko taldeekin akordioak bilatzera behartuta egongo da gobernu berria, aurrekontuak edo bestelako proiektuak aurrera atera ahal izateko.
"Gure borondatea eta prestasuna erabatekoa izango da", azaldu du Cristina Gonzalezek. Nolanahi ere, lehen aldiz batzarkide bat lortu duen Vox alderdi ultraeskuindarra baztertu eta akordioak EH Bildu, Elkarrekin eta PPrekin —"alderdi demokratikoekin"— bilatzeko borondatea agertu dute bi alderdiek. "Ezberdinen arteko akordioa da, Arabak aurrera egiten jarrai dezan. Azken zortzi urteetan eraginkor agertu den koalizioa berretsi dugu", azpimarratu du Susok.
HAUTESKUNDEEN EMAITZAK