Ofiziala da: Ramiro Gonzalez jeltzalea Arabako diputatu nagusia izango da berriz ere; 2015eko foru hauteskundeen ostetik dago karguan. Ostegun honetan izan da egun osoko inbestidura saioa, Batzar Nagusietako osoko bilkuran. Oraingoan gehiengo osorik gabe bada ere, Arabako Foru Aldundiaren buru izateko aukeratu dute Gonzalez, hirugarrenez jarraian, gehiengo soilarekin.
Asteartean aurkeztu zuten EAJk eta PSEk Arabako foru gobernurako gobernagarritasun akordioa, baina oraingoan oposizioko taldeekin akordioak bilatzera behartuta egongo da gobernu berria, aurrekontuak edo bestelako proiektuak aurrera atera ahal izateko. 2019-2023 legegintzaldian 27 batzarkide zituzten bien artean, eta 2023-2027 legegintzaldian, berriz, 24 baino ez dituzte izango; guztira, 51 batzarkide daude, eta 26 batzarkide behar dira gehiengo osoa osatzeko.
Hain zuzen ere, EAJ (15 batzarkide) eta PSEren (9) aldeko 24 botoekin hautatua izan da Gonzalez. EH Bilduren hamalau batzarkideek Eva Lopez de Arroyabe hautagaiaren alde eman dute botoa, "ziklo aldaketa baten hasiera" azpimarratuz. PP (9), Elkarrekin Podemos (3) eta Vox (1) abstenitu dira, zuri bozkatuz; popularrek "oposizio eraikitzailea" agindu dute.
Kontinuismoa eta akordioak
Osoko bilkuraren amaieran, karguaz jabetzeko ekitaldian, Gonzalezek diputatu nagusiaren makila eta domina jaso ditu, Irma Basterra Arabako Batzar Nagusietako lehendakariaren eskutik. "Hitz ematen dut Arabako Foruak, ohitura eta usadio onak gordeko ditudala, autogobernu eta askatasunaren seinale baitira, justizia handitzeko", adierazi du diputatu nagusiak.
Bere hitzartzean, berrautatutako diputatu nagusiak legegintzaldi berrirako erronka nagusiak aipatu ditu, koalizioaren "kontinuismoa" eta "guztientzako gobernua" aginduz, baina akordioen alde agertuz: besteak beste, industriaren eraldaketa, erreforma fiskala burutzeko adostasun politikoa, energia berriztagarriak hedatzeko "itun zabal bat" eta zaintza sistemaren eredu berria.